Testu-ereduak B1 Mintzamena: Frantziako Eurokopa 2016

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 9:27
mintzamena b1

Ekintza komunikatiboa: Lagunartean, Eurokopako partidu bat aprobetxatuz, jokoan gertatzen dena kontatzea, jokalariak eta selekzioak deskribatuz eta haien gaineko iritziak emanez.

Idoia tabernan dago, futbol-partidari begira. Ander tabernara sartu da, eta, bera ikustean, partidaren inguruan hasi dira biak.

 

Ander: Zer, Idoia, Eurokopako partidari begira? Alemaniarrak ari dira Eslovakiaren aurka, ezta?

 

Idoia: Bai. Oraintxe aurreratu dira germaniarrak.

 

Eneko: Dagoeneko aurretik?

 

Idoia: Bada, bai. Zortzigarren minutua da, eta, jada, bat eta zero. Boateng-ek sartu du gola eskuin-boleaz. Zartako ikusgarria, benetan! Ikusi, ikusi errepikapena!

 

Ander: Indartsu jaurti du, bai. Areaz kanpotik, gainera!

 

Eneko: Esango nuke! Atezainak ez zeukan ezer egiterik.

 

Ander: Boateng hori afrogermaniarra da, ezta Idoia?

 

Idoia: Bai, aita du Ghanakoa, baina bera Alemanian jaio zen. Erdiko atzelaria da, oso garaia, baina bizia da mugimenduetan.

 

Eneko: Bada, Alemania final-laurdenetan ikusten dut nik, jada. Nire ustez, beraiek daukate talderik sendoena. Taldeko lanean oinarritzen dira.

 

Idoia: Alemaniarrak oso irabazleak dira; finalerdietan izango dira, oker handirik ezean. Badakizue Linekerrek zer esan zuen: “Futbolean, hamaika jokalariko bi taldek jokatzen dute elkarren aurka, eta beti alemaniarrak ateratzen dira garaile”.

 

Ander: Kontuz, italiarrekin ere!Iruditzen zait oso lehiakorrak direla.Hazi egiten dira partidak zaildu ahala; ingelesei, berriz, kontrakoa gertatzen zaie.  

 

Idoia: Ingelesek talde gazteegia daukate, eskarmentu txikikoa. Ni Frantziak irabaziko duelakoan nago, etxean ari dira-eta!

 

Eneko: Eta Espainiako selekzioaz zer iritzi daukazue? Joko polita egiten du, ikusgarria.

 

Idoia: Tira, utzi ditzagun kinielak, eta onenak irabazi dezala! Orain gaurko partida ikusi nahi dut.