Testu-ereduak A2 Entzumena: Inauterietako eguraldia

Argitaratua: astelehena, 13 otsaila 2017, 8:38
entzumena A2

Ekintza komunikatiboa: Inauterietarako eguraldiaren iragarpena egin asmoz, eskualdeko komunikabide batek zintzilikatutako bideoaren mezu nagusia ulertzea.

Inauterietan, eguraldiak ez du asko lagunduko, egia esan. Ostegun arratsaldea eta astearte arratsaldea kenduta, orokorrean euria izango da nagusi, eta tenperaturak ere nahiko freskoak izango dira.

Egunez egun hartuta, ostegunari dagokionez, ostegun goizean fronte bat iritsiko zaigu, eta horrekin euri pixka bat izango dugu, baina, orokorrean, ez du ezer handirik egingo, eta arratsaldetik aurrera atertu, eta ematen du arratsalde- gau-partea nahiko lasaia izango dela. Tenperaturari dagokionez, berriz, tenperaturak, gaurkoarekin alderatuz, zertxobait igo egingo dira, eta maximoak 15-16 graduren bueltan ibiliko zaizkigu.

Ostiralari dagokionez, berriz, ostiralean fronte hotz bat sartuko zaigu, eta horrekin eguraldiak erabat egingo du okerrera. Euri dezente egingo du egun osoan; gehiago espero da egunaren bigarren partean lehenengoan baino, baina, orokorrean, egun osoan egingo du euria. Tenperaturak, berriz ere, behera egingo du, eta maximoak 11-12 graduren bueltan ibiliko dira. Gainera, haizeak oso zakar joko du, eta horrekin sentsazio termikoa ere nahiko baxua izango da.

Inauterietako eguraldi iragarpena (Ostegun Gizena eta Ostiral Mehea)

YOUTUBE (Tolosaldeko atariak zintzilikatua)