Super!

Argitaratua: astelehena, 25 otsaila 2019, 10:12
Iñaki Villoslada

Adjektibo moduan superrek bikaina esan nahi du: Festa super bat egingo dugu; eta iparraldean, harroa: Jainkoak beheratzen eta urmariatzen (suntsitzen) ditu superrak eta sendoak. Izen moduan gasolina mota bat zen, 90 eta 100 oktano artekoa: Berunik gabeko gasolina eta superra 13 zentimo garestitu dira; eta, azkenik, erabiltzen da supermerkatu hitza laburtzeko: Aldatu zure online superrera eta 15€ eraman itzazu. Egia esan, gorroto dinat superrera bakarrik joatea (Goenkale).

Aurrizki moduan euskarak bereganatutzat jo daiteke, gainetik adierazten du, edo handitasuna gaineratzen dio laguntzen duen izenari. Aurrizki mailakatzailea da, beraz. Super-ek ez du dardarkaria bikoizten aurrizkitzat funtzionatzen duenean, eta batera idazten da: superastuna (boxeoa), supereroale, superasetasun. Haren ordez gain erabil daiteke: gaingaratua, gaindohatua, gainegitura (gainestruktura ez erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak). Hiztegiak super aurrizkidun hitz batzuk jasotzen ditu, esate baterako: superestratu, superfamilia, superfosfato, supergizon, supermerkatu, supernoba, supernumerario, superordena, supersoniko; eta Euskaltermen badaude beste zenbait jasota: supererraldoi, superakabera, superantigeno, superkopa, superpopulazio, supertonika, superkritiko.

Bestetik, gaur egun, ahozkoan maiz erabiltzen da super izenondoen eta adberbioen aurretik balio superlatiboa emateko (gaztelania bidez mailegatutako erabilera, zalantzarik gabe): super majoa, super pijoa, super ondo, super garesti. Bizitasuna ematen dio ahozko hizkuntzari –eta adierazkortasuna–, baina ez da hiztegi aberatsaren seinale, eta idatzirako ez genuke gomendatuko. Badira modu jatorragoak balio hori lortzeko: izenondoa errepikatzea, on-onak; maila-adberbioa bikoiztea, oso-oso; balio intentsiboa duen izenondo adberbial bat erabiltzea: primerako, bereziko, ikaragarri, izugarri, total, galanta, sekulako edo mundial (Heg. Lgart.); edo aditzondoren bat erabiltzea: zeharo, guztiz, biziki, txit; etab. Hona hemen jasotako hainbat adibide (parentesi artean modu jatorragoa emanik):

  • Eta San Mamesen, ordea, euskaldunak onak ez ezik, super onak (on-onak) garela agertu zen.
  • Super ondo (primeran) pasatu genituen oporrak.
  • Super (izugarri) itsusia zen!
  • Bizitzan super (oso-oso) inportantea da motibazioa izatea.
  • Super (ikaragarri) frikia da.
  • Hanburgesa super goxoa (mundiala) zegoen.
  • Paso, super (zeharo) astuna da.
  • Super euskalduna (petoa) edozein euskaldun da, are egin berria bada –neroni bezala–. 

INFORMAZIO OSAGARRIA