Sasiadiskideak edo lagun faltsuak

Argitaratua: astelehena, 6 uztaila 2020, 6:06
Sasiadiskideak

Leire Narbaizak hasitako hari batean ikusi genuen joan den astean "lagun faltsuak" kontzeptua, eta Maite Goñik erantzun zion; hala ere, ez ei dute "sasiadiskideak" hori baliatzen.

Ez da berria, ordea. Jo dezagun 1987an HABEk argitara emandako Glotodidaktika Hiztegira; badago bertan Sasiadiskidea sarrera:

Bi hizkuntzatan forma bera edo beretsua izan arren bietan esanahi desberdina duena. Antzagatik bigarren hizkuntza ikasten ari den ikasleak hitza gaizki erabiltzeko joera izan dezake. Euskaldunberri batek, adibidez, agian esango du «Jose Anjel Iribar atezain zelebrea izan zen» uste duelako espainierazko "célebre" eta euskarazko "zelebre" esanahi bereko hitzak direla.

e falso amigo

f faux ami

i false cognate; faux ami; false friend

Hala, HIZPIDE aldizkarian ere agertu zen "sasiadiskideak" 35. zenbakian 1996an, Jurgen Wolffek idatzitako Mnemoteknikaren erabilera euskararen irakaskuntzan artikuluan hain zuzen. "Hitz gakoen" teknikaz ari zenean (hau da, hitz berria ama-hizkuntzan edo ezaguna den beste hizkuntzaren batean haren antza duen hitzen batekin lotzen da, nahiz eta biek esanahi bera ez izan), honela bukatzen zuen pasartea:

Guri, berriz, iruditzen zaigu irakasleak sasiadiskideen arazoa oso gogoan hartu behar duela (bi hizkuntzatan forma bera edo bertsua izan arren esanahi desberdina duten hitzei deitzen zaie sasiadiskideak).

1995ean, Senez aldizkariaren 17. zenbakian, Roberto Manjonek idatzitako Administrazio sanitarioko euskara: egoera, itzulpena eta arazo terminologikoak izeneko artikuluan ere azaldu zen kontzeptua eta izen bera:

Erromantzez argitaratzen direnak xede-testuak izaten dira, zeharka edo artez, sorburu-testu baten itzulpena dira eta. Ingelesa da, bada, sorburu-hizkuntza. Itzulpen okerrek (sasiadiskideak gehienbat) eragindako hitz eta esamolde okerrak sartzen dira ate honetatik, baita alperreko anglizismoak.

Zer dio Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak? Sasi baino ez da agertzen eta hauxe da esanahietako bat:

(Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Sasikoa, egiazkoa ez dena, benetakotik itxura besterik ez duena.

Elhuyarren jasotzen du bere hiztegian, arestian azaldutako txioetan irakurtzen den legez. Wikipedian ere badu tokia. Definizioa, orain arte ikusi ditugunen oso antzekoa. Jatorria aipatzen da artikulu horretan (frantseseko "faux-ami") eta adibide bat eman ere bai: "bizarra" euskaraz, "bizarre" gaskoi, frantsez eta ingelesez, "bizarro" gaztelaniaz.

Twitterren bertan, #sasiadiskideak traol-hitza hasi zen baliatzen UZEI 2015eko azaroan; gerora beste txioren bat ere egin zuten 2016an. Azaldutako hitza bera zen kasu guztietan: "emendakin" (ez da gaztelaniazko "enmienda", zuzenketa, alegia, eranskina baizik).

Internetik zertxobait begiratuta, IXA taldeko IRAKAZI web-zerbitzuan (duela gutxi eHIZPIDEn argitara emandako Hizkuntza-teknologiak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan: zenbat aukera, hainbat erronka artikuluan aipatua; ikasleen erroreak monitorizatzeko erabil daitekeena) ez da agertzen horrelakorik, kategoria sortuta egon arren Quizlet.com gunean, aldiz, ariketa batekin egin dugu topo.

Hala eta guztiz ere, "lagun faltsuak" itzulpena ere baliatu izan da kontzeptua adierazteko. Ikus ditzagun adibide batzuk:

Ariketaren bat ere badago ikuspegi horretatik: Santurtziko Udal Euskaltegiaren webgunean, Lagun faltsu horiek.

Eta zuk? Egin duzu inoiz euskaraz lagun faltsu edo sasiadiskideekin topo? Hemen emandakoez gain, bestelako adibiderik bururatzen zaizu?