Zer egiten dugu idazten dugunean?

Argitaratua: igandea, 2014(e)ko uztailaren 20(e)an, 10:00(e)an
Felipe Zayas

Felipe Zayas adituak bideo honetan dioenez, idazten gai izateak zera eskatzen du: norberak dituen ezagutzekin osatzea testuak. Baina, horretarako, behar-beharrezkoa da ezagutza hori deskribatzea, helburuak ezarri ahal izateko ondoren, erremintak osatzeko, laguntzak doitzeko eta ebaluatzeko.

Ideia nagusi bat azpimarratzen du ZAYASek bideo-emanaldi honetan: gizarte-alor jakin batean idazten dira testuak helburu jakin bat lortzeko, eta gizarte-alor horretan hartzen du diskurtsoak bere benetako esanahia. Ideiak ondorengo galdera hau dakar berekin: lortzen al du testuak sorburuan zuen helburua?

Emanaldiak aurrera egin ahalean, testua osatzeak zer eskatzen duen argitzera datorkigu, urratsez urrats, hain zuzen ere. Dioenez, jarduera-eremuetan burutzen ditugu testuak, eta eremuak berak mugatuko du zer hizkuntza-mota erabili: enuntziatarioa, helburua, testu-generoa, erregistro-maila... Horrela, ideiak eta ezagutzak aktibatu, eta testu-generoaren arabera antolatzen ditugu, testuinguruari egokien datozkion baliabide linguistikoak eta diskurtsiboak aukeratuz. Aldiz, testuaren ezaugarriak ezezagunak bazaizkigu, testu-ereduetara joko dugu. Argi geratzen da irakurketaren eta idazketaren artean dagoen harremana eta honen garrantzia, besteak beste, helburuak eskain baitiezazkioke idazketak irakurketari, trebetasun hartzailea eta ekoizlea uztartuz.

Ondoren, kohesio-baliabideak indarrean jarriz, ideiak eta ezagutzak lotzen ditugula dio eta hasierako egitasmoa diskurtso bilakatzen dugula, testuak berezkoa duen haria hartzen duelarik.

Baina berridaztea du idazteak ezaugarri. Horretan datza, hain zuzen, diskurtsoaren gaineko hausnarketa, idazleak berak burutu beharrekoa, eta horretarako idazleak indarrean jarri beharko ditu ezagutza diskurtsiboak, gramatikalak eta ortografikoak. Berregitea tokatzen da, azken finean, testuak dagokion helburua lor dezan: gizarte-eremu jakin batean, era batera edo bestera eragitea.

Zer eskatzen du testua osatzeak?

HABE Liburutegia

Beste eduki interesgarriak

Felipe Zayas

Felipe Zayas zendu da

Felipe Zayas hil dela jakin dugu. Ibilbide luzea egin du literatura eta hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren esparruko aditu honek; HABEk antolatutako ikastaroetan irakasle ere izan zen genuen behin baino gehiagotan.