Prolatiboa: Hartzen zaitut senartzat

Argitaratua: asteartea, 26 ekaina 2018, 8:57
Iñaki Villoslada

Nola lotzen zaie prolatiboa (-tzat atzizkia) bukaera afrikatua (-ts, -tx, -tz) duten hitzei?

Inor ez da erabakitzera ausartu, eta, gauzak horrela, oraingoz, batzuk autoritate izendatu, eta haiei jaramon egitea da zuhurrena, hots, ondo idazten dutenak gidari jotzea; izan ere, -tzat kasua ez da batere erraza, gramatikariak beraiek ez baitira ados jartzen haren izaeraz, eta Euskaltzaindiak hari buruz zerbait esan duenean arrapaladan izan da, irakurri besterik ez dago EGLU I, 305. orrian.

Honako hau, bai, argitu zuen akademiak, ordea: 

“Forma jatorra -tzat erabiltzen duena izanik ere, gero eta zabaltzenago ari da bezala, legez, gisa eta antzeko elementuez osatutako esapideren bat erabiltzeko joera -tzat-en ordez”. Horrela ez da harritzeko honako esaldi hauek entzutea:

(287)      (a) *Sorgin bezala hartu zuten

(b) *Opari bezala bi liburu eman nizkion

 

Horien ordez askoz zuzenago dirudite beste hauek:

(288)     (a) Sorgintzat hartu zuten

(b) Oparitzat bi liburu eman nizkion"

 

Baina itzul gaitezen harira, akademia bera hartzen badugu eredu, adibide bakarra nahikoa litzateke kontua bukatutzat emateko: EGLU lean behin agertzen da –tzat kontsonante afrikatuz bukaturiko hitz bati loturik, 224. orrialdean, hain zuzen: "Jende zenbakaiztzat hartua baita".

Dauden aukerak, prolatiboa deiturikoa mugagabeari eransten zaiola jakinda, Euskaltzaindiaren erabilerari kasu eginez, honako hauek dira: 

ts, -tx, -tz + -tzat = -stzat, -xtzat, -ztzat 


Gomendioa

Honako era honetan batu bekio –tzat atzizkia afrikatuz bukaturiko hitzei:

Estepa basamortu hoztzat hartu da batzuetan.

Erlatiboaren zenbait erabilera trakestzat dauzkagu

 

Bukatzeko, -tsu atzizkiarekin jokaera bera hartu daiteke arau gisa; esaterako, Gailur ekaiztsuak itzuli da berriki Emily Brontëren Wuthering Heights liburua.

 

INFORMAZIO OSAGARRIA