Proba ez da ebidentzia

Argitaratua: osteguna, 2018(e)ko urriaren 18(e)an, 16:43(e)an
Iñaki Villoslada

Froga eta proba, jatorri bereko hitzak izanik ere, desberdintzat hartu behar dira egun, bakoitzak bere bidea egin baitu. Hitzen arteko zenbait desberdintasun Larramendiren Hiztegian egiazta daitezke: haren hiztegian gaztelaniazko proba de imprenta euskaraz proba da, eta probar, aldiz, frogatu.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak biak bereizi ditu azkenik. Alde semantiko nagusia honako hau da: “Demostrazio, demostratzeko balio duena da froga; proba, berriz, saio da”.

Euskaltzaindiaren Hiztegia:

  • Proba. Norbait edo zerbait zerbaitetarako gai dela ikusteko egiten den saioa. Unibertsitatera sartzeko probak.

2 iz. Dema, norgehiagoka. Idi probak.

3 iz. Inprimatze lanaren kopia, hutsak zuzentzeko ateratzen dena. Liburuaren lehen probak.

4 iz. Testa (analisia). Hiesaren proba egitera behartu dute.

  • Froga. Zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duen gauza.

Frogaren sinonimoak dira demostrazio eta ebidentzia.

Aditzei dagokienez, probatuk, saio edo azterketa bidez zerbait edo norbait omen den bezalakoa ote den egiaztatu esanahia izateaz gain, dastatu eta soinekoak eta kidekoak saiatu (dendetan dauden tokiak hori egiteko probagelak dira, probalekuak, aldiz, demalekuak dira) adierak ere baditu.

Bestaldetik, hobestekoa ez den aprobatu hitza ez genuke erabili behar gaindituren sinonimo gisa (onarturen adiera bailuke Iparraldean nola erabiltzen zen kontuan hartuta), hizketa informalean zaila izango den arren hain erabilera hedatuari galga ematea. Aproba –zeina baita bizkaierazkoa zein gipuzkerazkoa–, aldiz, probaren sinonimo gisa erabil dezakegu zenbait testuingurutan herrikoia marka daramala kontuan hartuta betiere. Bukatzeko, batua alde batera utzita, komeni da jakitea proba egin aditz elkartua haziren sinonimoa dela bizkaieraz Labayru Hiztegiak argitzen duenez: “Umeak itzelezko probak egin ditu: La niña ha crecido muchísimo”.  


INFORMAZIO OSAGARRIA

Euskadi Irratia

Euskara Batuaren Eskuliburua

Euskaltzaindiaren Hiztegia

Ikasbil

Labayru Hiztegia