Primeran! A2

Argitaratua: astelehena, 7 martxoa 2016, 4:20
Bilduma Pimeran A2

Primeran! A2 bildumak helduen euskalduntzerako A2 mailan taldean eta aurrez aurreko ikastaroetan erabiltzeko langai didaktikoak biltzen ditu. Ikasmaterial hau HEOCak zedarritutako A2 Oinarrizko erabiltzailearen mailak euskara-ikasleari aurreikusten dion gaitasun komunikatiboa bereganatzeko sortu da. Egilea Aek-ko irakasle-talde bat da eta argitalpen honen editorea, Elhuyar.

Ikaslearen liburuak

Ikasleak bi liburuki ditu lanerako: Ikaslearen liburua eta Lan-koadernoa. Horrezaz gain, bi osagarri ere bai: Bideo eta entzungaien DVDa eta Portfolioa.

Langai hauetan, 10 orduko 12 ikastunitatetan banatuta, ikasleak une didaktiko nagusi hauek aurkituko ditu:

Ikaslearen aurrezagutzak martxan jarri, eginkizuna aurkeztu, ikaskuntza berriaren aurrean ikasleari interesa pizteko uneak.
Aurrezagutza eta berrien artean zubiak eraikitzeko eta ezagutza berriak sistematizatzeko uneak.
Ikasprozesuaren informazioa bildu, ikas-estrategiak baliatu eta hausnartzeko uneak.
Ikasleen artean kooperazioa eta interakzioa garatzeko uneak.
Testuak interesez eta modu esanguratsuan irakurri nahiz entzuteko, elkarrizketak izateko edo idazteko uneak.
Ekintza komunikatiboak burutzeko uneak.

Langai hauek 12 ikastunitatetan banatuta daude eta bakoitzak egitura hau du.

1. Hasi. Zer ikasi eta zer egingo duen ikusiko du ikasleak eta gaia aurkeztu eta aurrezagutzak aktibatuko ditu

2. Hartu. Ahozko eta idatzizko testu ugari landuko ditu, baita ikas-estrategiak baliatu ere.

3. Behatu. Hizkuntza-formetan arreta jarri, hausnartu eta arauak bereganatzeko jarduerak egingo ditu.

4. Egin. Ekintza komunikatibo bat burutuko du ikaskideekin batera. Eta sortutako hizkuntza, idatzia nahiz ahozkoa, portfolioan gordeko du.

Autoebaluazioa: ikastunitatean zehar zer egin duen eta horretarako zer erabili duen aztertuko du ikasleak.
Kontuan hartu: ikastunitatean zehar bildutako edukien laburpena.

Bakarlanean egiteko jarduera osagarriak Lan-koadernoan daude. Hauen erreferentzia zuzena jarduera bakoitzaren ondoan aurkituko du ikasleak.
Liburuki honek ikasgelan egin dituen ikastunitateei dagozkien jarduera osagarriak bilduko ditu eta bakarlanean aritzeko izango dira. Fonetika, morfosintaxia, hiztegia, ortografia, egitura funtzionalak, diskurtsiboak eta testualak… lantzeko jarduerak aurkituko ditu. Ikastunitate bakoitzeko, gutxienez, 30 jarduera. Guztira 80 bat ikasorduko lana aurreikusi da koaderno honetan.
Lan-koaderno honen helburua liburuan landu ditun trebetasun eta hizkuntza-gaitasunak sendotzea da. Beraz, ikaslearen liburuaren mendeko izango da.

Irakaslearen liburua

Irakaslearen liburuan Primeran! A2 bildumaren gida didaktikoa aurkezten da. Irakasleak honako eduki hauek topatuko ditu bertan:
- Langai bakoitzean lantzen diren edukien laburpena.
- Jarduera bakoitza girotzeko eta lantzeko aholku eta jarraibideak.
- Ikaslearen liburuko ariketen erantzunak, eta entzungai eta bideo-pasarteen transkripzioak.

Irakaslearen liburu honen sarrera-testua, aurkibidea eta edukien mapa atxikitako dokumentu honetan daude.

Portfolioa

Karpeta hau ikaslearen ikas-prozesua ebaluatzeko eta bideratzeko tresna bat izango da. Bertan bere hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntzen arloan lortutako ziurtagiriak, baita hizkuntza eta kulturekin izandako esperientzia esanguratsuak ere jaso ditzake. Ikas-prozesuaren inguruan hausnarketa egiteko ere erabil dezake.
Ikastaroan zehar egindako zenbait lan jasotzeko lekua da. Ikastunitate bakoitzaren amaieran bertan bildu beharko ditu sortutako hizkuntza-ekoizpenak.
Hiru zati ditu:
- Hizkuntzen Pasaportea.
- Hizkuntza-biografia.
- Dosierra.

Euskaltegiei eskaintza berezia:

Salmentari dagokionez Elhuyarrek eskaintza berezia egingo die euskaltegiei prezioan %25 jaitsiz. Eskari-orria eta argibideak atxikitako dokumentuan dago.

Beste eduki interesgarriak

Maider Barandiaran

Primeran! A2: Aurkezpena euskaltegietako irakasleei

Maider Barandiaran irakasle eta material-egileak egin zuen Donostiako HABEren egoitzan Primeran! A2 materialaren eduki nagusien aurkezpena, Gipuzkoako euskaltegietako irakasleen aurrean. Saio hartan grabatutako jardunaren laburpena duzu segidan.