Posible al da ebaluazioaren funtzio formatiboa eta sumatiboa uztartzea?

Argitaratua: osteguna, 7 ekaina 2018, 8:36
Neus Figueras

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak

Ebaluazioa” kontzeptuaren definizio bat emanez abiatzen du Neus Figueras-ek emanaldia: informazio bilketa sistematikoa erabakiak hartzea helburu duena.

Bizitza errealean une oro ari da pertsona ebaluatzen, eta une oro da pertsona bera ebaluazio-objektu. Baina didaktikara etorrita, sistematizazio hori galdu eta nahi baino gehiagotan bilakatzen omen da ebaluazioa azterketa. Eboluzio horrek bi mailatako murrizketa eragiten ditu: lehena, izaerari dagokiona, “bilketa sistematikoa” izatetik une jakin batekora etortzea; eta, bigarrena, aztergunea, besteak beste, ikaslearen ezagutzetara mugatzen delako, bere baitan hartu gabe ikaslearen garapena ahalbidetzen duten irakaslea, baliabideak, programa, metodologia, curriculuma …  Baina pentsatu behar da gero eta sarriago jotzen dela, gaur egun, bezeroari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatea ebaluatzera. 

Arrazoiak hamaika izan daitezke, baina erabileraren ikuspegitik erosotasuna, segurtasuna, azkartasuna … azaleratzen dira; oso denbora laburrean ekoizpenetatik emaitzetara iristen baita. Aipagarria ere bada azterketaren oinarrian nagusitzen den irakaslearen edota azterketa bideratzen duen erakundearen ikuspegia. Sarri askoan proba objektiboez mintzo da, zuzenketa objektiboez aritu beharko litzatekeenean. Baina kontuan hartzekoa da errebote-efektua: azterketa curriculum bilakatzea eta ikas-programa azterketa gainditzeko prestaketa bihurtzea.

Paradigma aldaketa: ebaluazio sistematikoa, jarraitua, integratzailea eta norbanakoari begirakoa.

Mugimendu konstruktibistarekin batera paradigma aldaketa proposatzen da ebaluazioaren alorrean, besteak beste, ikasprozesua ezin delako ezagutza deklaratiboetara makurtu. Ordezko zenbait proposamen azaleratzen dira, betiere honako aldiak errespetatuz:

Planifikazioa à Garapena à Datuen alderaketa ezarritako helburuekiko à Emaitzen zabalkundea

Horrela, izaera sistematikoa eta jarraitua hartzen du, batetik, ebaluazioak. Berme bakarra ikasleak ikasprozesuaz etenik gabeko informazioa jaso dezan, irakasleak informazio horretaz baliaturik dagozkion erabakiak har ditzan, eta, ezarritako helburuen lorpenera iristearren, elkarrekintzan ari daitezen. Bestetik, integratzailea behar du izan, gaitasun komunikatiboa garatzeko trebetasunak, elementu deklaratiboak eta estrategikoak uztartuko dituena. Eta azkenik, norbanakoari begirakoa, bakoitzaren behar komunikatiboei erantzun ahal izateko. 

Nola jarri harremanetan, nola uztartu ebaluazioaren funtzio formatiboa eta sumatiboa?

Koherentzia pedagogikoa eskatzen du. Alegia, ikasgela bideratzen eta burutzen denarekin bat egin behar du: nola kudeatzen diren ezarritako helburuak, nola erantzuten zaien ikasleen behar komunikatiboei … Aldez aurretiko plangintza eskatzen du, curriculuma eta ikasgelako programazioa antolatzen diren garaian osatu beharrekoa.

Kontuan hartzeko da ebaluazioaren funtzio formatiboak eta sumatiboak espazio bana dutela, baina batak besteari informazioa eskaini behar diola: curriculumari buruzkoa, ikasgelako helburuaz, ikasleen garapenaz eta jokaeraz … betiere bizitza errealean gauzatzen den hizkuntzaren erabilera erreferentziatzat hartuta.

Portfolioa proposatu izan da ebaluazio-estrategia gisa, bere horretan asetasun- eta arazo-iturri bilakatzen dena. Izan ere, lortu nahi diren helburuekiko planifikazioa eskatzen du; baliotasuna eta fidagarritasuna bermatu behar ditu; eta, ebaluazio-irizpide argiak eskatzen ditu, gardenak, ikasle, irakasle zein erakundearentzako.

Ibilbide horretan, saiakera berezia egin behar da irakaslearen subjektibotasuna murrizteko, eta ezinbestekoa izango da ebaluazio-edukiari buruzko zehaztapen argiak izatea: zer ebaluatu, nola, zergatik, noiz, nork … Alegia, eskatuko du zer egin edota egingo den egituratzea, zergatiak azaltzea, edukiak erabakitzea, ebaluazio irizpideak adostea, irizpenetan bat etortzea … Eskatuko du eredu estandarretara etortzea, ebaluazio irizpideak azaleratzea, osagaiak ponderatzea eta emaitzak aztertzea.

Autoebaluazioa

Ez da nahikoa “ ikaslea du sistemak ardatz” esatea. Helburua ikasprozesuaren ardura ikasleak bere gain hartzea baldin bada, ahalik eta modurik zabalenean ikasketa autozuzendua bideratzea lortu nahi baldin bada, kontziente bilakatu behar da ikaslea ikasprozesuaz eta autoebaluazioa indartu. Horren ondorio zuzena izango da hausnarketa ahalbidetzea, ikasten ari delako sentsazioa areagotzea, ardura bere gain hartzea eta jabetza-zentzua sortaraztea. Azken batean, ikasteko motibazioa indartu egiten du autoebaluazioak eta ikasprozesua sendotu.

Baina autonomia ikaslearengan garatu beharreko ahalmena da. Ikasleak sentitu behar du  ikasprozesuaren jabea bera dela, ez irakaslea; gauza dela ikasprozesuari buruzko erabakiak hartzeko: zer, zergatik, noiz, nola … Indarrak ikaskuntzan daudela, ez horrenbeste irakaskuntzan. Horrek eskatuko du,

  • ebaluazio-markoa ikasgelatik ateratzea, eta, neurri handi batean, irakaslearen gidaritzapetik urruntzea;
  • ikasleari ezinbesteko izango zaizkion erremintak eta baliabideak eskaintzea, gizartean burutzen den hizkuntzaren erabilerarekiko garatuak dituen gaitasunak ebalua ditzan;
  • ikasleak egin dezakeenari eta egiteko gauza ez denari buruzko irizpen arrazoituak emateko gaitzea.

Ardatz bilakatuko da atzeraelikadura ikasprozesuan: berehalakoa, zabala, malgua eta anitza. Ikaslearen gaitasunari buruzko informazioa zuzen/oker edota gai/ez gai dikotomietatik haratago  joan beharra dauka, ikaskuntzan indarrak jartzeak eskatzen duelako, besteak beste, ikaslearekin batera ikasprozesuaz hausnartzea eta hobekuntza-prozesuaz aritzea. Azken batean, ebaluazioa ikaskuntzaren zerbitzura jartzea.

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak