Ponpatuz, lehertu arte

Argitaratua: asteazkena, 2018(e)ko urriaren 31(e)an, 12:50(e)an
Iñaki Villoslada

Bonba hitza azaltzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Ez da zaila asmatzea esanahia (duen bakarra) sustraikideak ezagutzen ditugulako auzo hizkuntzetan, bomba gaztelaniaz, bomb ingelesez eta bombe frantsesez; beraz, esanahia lehergailua da (alde batera utziko dut esne-gainezko bonba delakoa, gozozaleen gutizia). Handik aurrera, bonbak ez luke bestelako esanahirik euskaraz. Hortaz, gaztelaniazko beste bomba batzuk euskaraz ponpa dira (ingelesez pump dira horrelakoak eta frantsesez pompe). Eta zer da punpa, orduan? Beno, nik ere jo behar izan dut Hiztegira, eta honatx zer den: pilotaren botea (Pascual, bestalde, laugarren koadroan punpa egiten duten pilota errazak bederatzigarren koadroraino botatzera ohituta dago).

Hori ikusita hauxe da gomendioa: hiru hitz horiek bereizi eta ez nahasi, hots, ez erabili bonba ponpa denean, eta ez erabili punpa ponpa denean (nahasketak horiexek izango baitira, normalean): autoponpa erabiltzen dute suhiltzaileek (bonberoek) eta horrela izendatzen dute ponpa automatikoz hornituta dagoen ibilgailua, bonba-auto batek eragindako txikizioaren su-garrak itzaltzeko erabiltzen dutena, esate baterako.

 

Bonba

Lehergailua

Ponpa

Likido bat edo gas bat lekualdatzeko tresna

Punpa

Pilotaren botea

 

Aditzei dagokienez: bonbardatu, ponpatu eta punpatu (Ipar.).

INFORMAZIO OSAGARRIA

Euskaltzaindiaren Hiztegia