Pello Esnalekin elkarrizketan: “Didaktikak dirua gastatzeko aukera gutxi ematen du”

Argitaratua: asteazkena, 5 maiatza 2010, 4:05
Hizpide 74

Hirurogei urte betetzeko zorian harrapatu dugu Pello Esnal, oraindik HABEn, erretiroa hartu aurreko lanetan: azken egitekoak burutzen, paperak txukuntzen, armairuak husten… Eta “ondorengoei lekukoa ere ematen” erantsi beharko genuke, baina “hori aspalditik emana dago” azaldu digu berak eta “ez dago esku txarretan” esanez biribildu.

Paperak txukuntzea dela-eta, “hemen ari naiz hogeita hamar urte hauetako oroitzapenak ere ordenatzen eta ibilbidea berrikusten, baloratzen…”, aitortu digu Pellok. Aukera polita iruditu zaio HIZPIDEri, mingainetik ez ezik, bihotzetik ere tira egiteko, oroitzapenen eskutik…

Hitzak hizpideak dakarrenez, hari-mutur askotatik tiratzeko aukera izan dugu, eta zenbait gai jorratzeko, “beti ere, nire ikuspegitik” azpimarratu digu behin eta berriro Pellok, pixka bat bustitzeko eskatu diogunean. “Azken batean, sokaren hari bat besterik ez da nirea”, erant si du, “nahiz eta erdiguneko haria izan” esanez osatu beharko genuke geure aldetik. Barru-barrutik eta hasiera-hasieratik ezagutzen baitu HABEren eta HABEko historia, kanpotik ikusten dena eta ezkutu-ezkutukoa, “nahiz eta etxeko trapu zatarrak, hobe etxean garbitzea”, bota digu.

Lehendik ere, bere ibilbidearen arrastoak utziak dizkigu Pellok bai HIZPIDE honetan, bai ZUTABE zaharrean. Eta elkarrizketa honetan sarri aipatzen dituenez lan horietako batzuk, besteren lanarekin batera, denak "aipu bibliografikoak” delakoan bildu ditugu azkenean, lagungarri izan daiteke-eta, nahiz eta ez den ohikoa honelako lanetan.