Pausoz pauso pausurik gabe

Argitaratua: asteartea, 2018(e)ko maiatzaren 8(e)an, 11:38(e)an
Iñaki Villoslada

Urratsaren sinonimoa da pauso Hegoaldean. Batzuek zalantza izan ohi dugu idazteko orduan, honako hau, hain zuzen: pauso ala pausu idatzi… (Xuxenek zuzentzen ez duenez), harik eta konturatu garen arte, azkenean, biak ala biak idatz daitezkeela; bakoitzari bere esanahia emanez, ordea, ez baita hitz bat eta haren aldagai ortografikoa, bi hitz desberdin baizik.

Ez dute pausoak eta pausuak zerikusirik… hots, bi hitz dira, bakoitzak haren esanahi propioarekin, eta, gainera, –hizkuntzen kontu zoragarriak– esanahi kontrajarriak, aurkakoak, izan ditzakete testuinguru berean. Nahi dizuet horixe frogatu adibide batekin ikus dezazuen hanka sartzea egin egiten dela; hona hemen, bada, okerra: “Guk pausu* historiko hauek errekonozitzen ditugu bai eta ongi etorri sendoa eman.” (Arnagako Adierazpena, 2018) idatzi da azken egunetan, eta, noski, ez zen pausaldia adierazi nahi zena hor, kontrakoa baizik: urratsak egin izana, alegia.

  

HITZA

SINONIMOA

pauso

urrats

pausu

pausa

 

Bidenabar esan ez dagoela motiborik pauso eman adierazpidea baztertzeko edo pauso egin nahiago izateko, lehenengoa kalkoa delakoan eta bigarrena, aldiz, jatorragoa. Biak azaltzen dira Hiztegi batu oinarridunean –urrats egin da, aldiz, betiere idatzi beharrekoa–.

Euskaltzaindiak berak adierazi zuen forma-adieren gurutzamendua sor zezakeela pauso hitzak pausu hitzarekin: 

Pauso: urratsa. cf. pausu ('atsedena, geldialdia'). 


Nahasmendua ez da berria, beraz, eta adibide bat baino gehiago aurkitu dut corpusetan
bekaturik ez duenak lehen harria jaurti dezala.

Bitxikeria batekin bukatzeko Pausu Urruñako auzo bat ere bada, eta, oro har, Behobia izendatzeko erabili ohi dute lapurtarrek. 

Inork nahi badu baliabide nemoteknikorik bi hitzak ez nahasteko, hona hemen bat: Saizarbitoriaren Hamaika Pauso nobelak ondo du titulua jarrita.


INFORMAZIO OSAGARRIA