OSOaren beste erdia

Argitaratua: asteazkena, 9 urtarrila 2019, 12:02
Iñaki Villoslada

Adjektiboa denean oso-k  hau esan nahi du:

  1. Zatirik edo osagairik falta ez zaiona. 
  2. Zerbait mutur batetik bestera hartzen duena

Erabilerari dagokionez, oso adjektiboak baditu zenbait murriztapen, erabiltzen den izena zatigarri ez izatearekin zerikusia dutenak. Horrelakoetan guztia erabili behar da: diru osoa* ezin da gastatu, diru guztia baizik (dirua ezin delako zatitu).

Oso zatigarriak diren gaiekin bakarrik erabiltzen da (talo osoa jan dut, liburu osoa irakurri dut), eta ez da erabiltzen izen zenbakaitz neurgarriekin (zatitu ezin direnak eta multzo jarraiki eta etenik gabekotzat irudikatu ohi ditugunak), hots, masa-izenenekin, gaiak –burdina–, substantziak –urgas– eta tresna multzoak –baxera– adierazten dituztenak. Intentsitatez neurtzen diren izen batzuk ere (zirrarak edo gogoak) zenbakaitzak dira: beldur, lotsa, gose…, eta ez da osoa erabiltzen (damu osoa esaten da, ordea). Abstraktuekin osoa erabiltzen da: konfiantza osoa, maitasun osoa...

Masa-izen batzuek osoa ametitzen dute kantitate diskretu moduan erabiltzean, birkategorizatzen baititugu: kafe osoa edan (kikara bat kafe adierazi nahi dugunean), edo masa izaera duen substantziari, edo dena delakoari, osagairik edo zatirik ez diogula kendu adierazi nahi dugunean (oso-ren 1 esanahia): esne osoa ez da esne guztia, hots, ez da esne kantitate guztia, baizik eta ezer ere kendu ez dioguna, esne-gaina duena, alegia; baxera-rekin antzekoa gertatzen da.

Oso-arekin erabili ezin diren izen batzuk (birkategorizatu ezik):

Aire, alkohol, altzairu, ardo, argi, arnasa, arroz, azukre, baxera, belar (multzokari gisa), beldur, bero, bolbora, burdina, diru, egur, elektrizitate, elur, euri, esne, ezko, ezti, flora, intsulina, ikatz, kazkabar, kokaina, garagar, gari, gas, gasolina, gatz, gose, gogo (?), goroldio, gurin, haize, hauts, hondar, hotz, ikatz, ile (multzokari gisa), irin, jende, kafe, ke, lasto, legamia, legar, lokatz, lotsa, lur, lurrun, mami, margarina, min, odol, olio, olo, orbel, ore, oxigeno, petrolio, polen, saltsa, su, tabako, txokolate, te, tinta, tresneria, ur, urre, zabor, zilar, zur.


INFORMAZIO OSAGARRIA



Comments