Oso erreza da oso

Argitaratua: osteguna, 2018(e)ko azaroaren 22(e)an, 18:36(e)an
Iñaki Villoslada

Oso maila-adberbioaren kokapenari buruz zalantzak egon ohi dira. Ez da, ordea, oso kontu zaila, izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo(tzea) besterik ez dago zalantzak uxatzeko:

Izenondoari dagokion izenaren ezkerrean joan daiteke oso (Oso denbora luzean izan zen. Ez dute oso begi onez ikusten. Oso gizon serioa), edo  izenaren eta izenondoaren artean (Poz oso handiaz poztu ziren izarra ikusirik. Ordu oso luzeak igaro behar izaten zituen han). Zenbatzaile bat dagoenean tarteko, ordea, kokapenetako bat da zuzentzat hartu beharrekoa: “Oso bertso hunkigarri bat bota zuen” okertzat jotzen du EGLUk eta “Bertso bat oso hunkigarria bota zuen”, aldiz, zuzentzat.

Oso maila-adberbioaren beste muga bat (ez hari dagokiona berez baizik eta laguntzen duen izenondoarena) zera da: erreferentzia-adjektiboek ez dutela hartzen ez graduatzailerik, ez konparazio atzizkirik; beraz, honelakoak ez lirateke batere egokiestekoak edo behintzat zalantzan jartzekoak dira: oso arazo soziala da(?*).

Aditz bati dagokiola osoren kokapena nahiko askea da: Josetxo oso sendatu zenean. Hara orduko ilundu du oso. Oinez etorri naiz eta nekatu naiz oso. Banuen astakume polit bat oso maite nuena (asko maite nuena). Komeni da, oso komeni ere, hori jakin dezagun. Oso atsegin zait. Oso beldur naiz erantzun bakarra ez ote den baiezkoa izango. Eta hau oso gogoan eduki behar genukeen puntua da.

Bukatzeko, zalantzak egon ohi dira asko edo oso erabili beharra ote dagoen batzuetan. Hona horri buruz EGLUtik jasotakoa zalantza hori dela eta:

Sentimenduak zenbakorrak (sic) ez direnez, eta euskararen legeak garbiago gorde nahirik, honelako perpausak edo antzekoak (asko maite zaitut) gaizkietsiz, oso maite zaitut eredukoak proposatu izan dira inoiz egoki bakarrak bailira (sic). Eta galdera, beraz, ez litzateke zenbat maite nauzu? Hori, ordea, erabilera hedatuaren aurka joatea litzateke. Iritziak iritzi, beraz, goiko perpausak (asko maite zaitut) gramatikaltzat hartu behar direla dirudi. Eta konparatiboetan ere hain maite bezala hainbeste maite erabiltzen da (EGLU 1, 339 or.).

INFORMAZIO OSAGARRIA