Orain "gaude", gero "goaz"

Argitaratua: asteartea, 18 otsaila 2020, 12:23
Borja Ariztimuño

Andoni Egaña harrituta dago (eta, bestela bezala egin arren, kexu da) kalean bi gaztek  "bihar gaude" esanaz agurtu dutelako elkar. 

Egia da gaztelaniaren kalko bat dela, baina, nork ez du "bihar goaz" esaten? Zein da, bada, arazoa?

Hizkuntzek askotariko bideak hartzen dituzte denbora eta haren ingurukoak kodetzeko (gramatikaren bidez adierazteko). Areago, batzuek denbora bera (iragana, oraina, geroa) kodetu ere ez dute egiten, aspektua baizik (esaterako, delako ekintza burutua den ala ez).

Halakoa omen zen euskara ere garai zaharretan; adibidez 1596an bildutako esaera zahar honetan: Lar janak eta edanak gitxitara nenkarren, zeinaren orduko itzulpenak argi uzten baitu ez dela "ekartzen ninduen" ulertu behar, baizik eta "ekarri nau" (Demasiado comer y beber me ha traído a poco). Dena dela, esan beharra dago aditz guztiek ez zutela berdin jokatzen. Labur esatearren, batik bat telikoek (egin, ekarri, eman, etorri...) izan zezaketen aspektu burutuaren balioa, baina ez, oro har, atelikoek (egon, ibili, izan, joan), han-hemenka adibideren bat edo beste ageri bada ere. Bestalde, gaur egun Iparraldeko hizkeretan "atzo ikusi dut" bezalakoak entzun daitezke, iraganaren eta orainaren arteko muga lausoan.

Era berean, orainaren eta geroaren arteko bereizketa ere ez da zurruna; lehengo adibideaz gain ("bihar goaz"), denok erabiltzen ditugu "joaten garenean" bezalakoak geroago gertatuko den zerbaiti buruz ari garela. Berriz ere Iparraldea aldendu da tradiziotik, eta "etorriko denean" ere esaten da han.

Bada, arestiko testu zaharrari berriro helduz, gaur egun orainaldia adieraziko luketen forma batzuek geroaldia adierazten zutela ikusiko dugu: Zaran bat dagianak bi da(g)i  (itzulpena: quien hiciere un cesto hará dos). Hala, atsotitzeko euskara gaurkotzeko, dagian egiten duen eta dagi egingo d(it)u aldatu beharko genituzke; erlatiboan gorde da, beraz, orainaldiaren geroa adierazteko ahalmena.

Alabaina, hasierako galderara itzulita, bada ezberdintasun bat goaz-en eta gaude-ren artean: lehenbizikoa aditz dinamikoa da, eta bigarrena, estatikoa.


Gehiago jakiteko: 

Euskaltzaindia: aditzaren aspektua eta kalkoak 

 


Show comments
  • Picture of Hasier Agirre AranburuHasier Agirre Aranburu - az., 19 ots 2020, 1:43
    Oso gustura irakurri diat hire artikulua, Borja! Mami asko zegok hor, nondik-heldu mordoa...

    Neuk, gaur-gaurkoz (kontuan izan ezak azterketak ebaluatu beharra daukagula!), ez zeukeat erabilkeriaren izenean "bihar gaude" modukoei ameto ematerik. Euskal belarriak paperak baino gehiago aguantatu behar al du? Guztia al duk egun erlatiboa, ergatibotik hasita?

    Ez da gaur goizeko esaera: "Gizakiak bere garai eta testuingurura egokitu behar dik". “Bihar gaude”-k biharra bermatuta daukan edo ez ez zekiat, baina Egañarekin oso bat natorrek bere gaurko desegokitasunean. Egungo euskal hiztunak, nire iritzirako, iturri egokietara jo behar dik (ereduzko prosa, eta abar), eta ez edozer balekotzat jo, erabilkeriaren eta dinamikotasunaren izenean.

    Mugimendu / gelditasun eztabaida aspaldikoa duk, guztia zegok isurian, baina, isuri horri erretenik jartzen ez badiogu, gureak egin dik. Egungo euskal komunitateak (Txirritaren garaiko euskal komunitate ez-eskolatu baina guztiz euskahaldunak ez bezala) ez zeukak inguruko erdaren hitz- kontzeptu- eta termino-oldea bere hizkuntza-senari jarraikiz txukun eta bat-batean itzultzeko gaitasunik, ez baikara herri normalizatu bat. Atxagak eta Lertxundik garbi zeukatek: itzultzaile onak behar dizkiagu, “ezer ez baita euskaraz gertatzen”, baina kontatu euskaraz kontatu behar dizkiagu ordain egokiekin.

    Niri harrigarria egiten zaidan gauzatako bat, zinez ohargarria dena, zera duk: herri honek, inolako hizkuntza-akademiarik gabe, urtetan eta urtetan latinetik, gaztelaniatik eta frantsesetik makina bat hitz nola beretu dituen! Herri eskolagabeak hitz arrotzei ("doministiku", "kuxidade, "aise") nolako txokoa egin dien, eremu semantiko berri bat emanez...

    Ez zekiat, baina iruditzen zaidak garai hartako gizarteak beste erritmo bat, beste patsada bat , eta beste askatasun bat (politikoki menderatua baina gaur baino askozaz ere dezentralizatuagoa) izango zuela hitz horiek beretzeko eta beretankeratzeko. Beraz, isuria bai, baina erretenak ere bai, "bihar gaude" bezalakoak ez baitira erabilera kontrolatu eta kontziente baten erakusgarri, ezpada pentsamolde besterendu baten lagin garbiak eta euskararen arnasgune (nahiz biriketan likidoa pilatzen hasiak egon) diren eskualdeetan nekez entzuten direnak.

    Artikulu interesgarria benetan! Atsotitzak ere ederrak, eta hizkuntza teliko eta atelikoenak ere balio izan zidak beste zerbait ikasteko.
  • AÑARA BAT HEGOALDERA IPARRAREN BILAainara maya urroz - az., 19 ots 2020, 3:47
    Neuk ere gustura irakurri dut egindako artikulua, eta gaurkotasun handiko gai bati heltzen diozu, Borja... eskerrik asko...
    GERO DIOENAK BEGO DIO, Axularrek dio bere liburuaren hitzaurrean, hau da, orain dagoena ez dago gero, baizik eta ibilian badoa biharrerantz.
    https://www.argia.eus/blogak/etxepare-rap/gero-axular-2/