Ondo bereizi ez nahasteko

Argitaratua: asteartea, 11 ekaina 2019, 1:48
Iñaki Villoslada

Aditz batzuen partizipioaren (burutua) inguruan zalantzak sortzen dira batzuetan; bestetan, aldiz, aditz-izena da ondo bereizten ez dena, eta aditz-oin batzuekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Komunztadura ere arazotsua da zenbaitetan, edo esanahia bera. Nahasteak usuago gertatzen diren aditz batzuk aukeratu ditugu, eta erabilera-aukeren berri eman, aditzak alfabetikoki ordenatuz:

  •          Arnasa egin. A itsatsia du. Arnasturen aditz-oina arnas edo arnastu da.
  •          Atzeman. Harrapatu esan nahi du; antzeman, ordea, nabaritu edo igarri (igerri*). Sinonimoak dira adimenaren bidez sumatu (hauteman) adieran.
  •          Bereizi. Horixe da aditza, berezi adjektiboa da. Bestetik, bereiztu* baztertu du Euskaltzaindiak.
  •          Bidali. Bidaldu baztertu du Euskaltzaindiak.
  •          Borrokatu. Borroka egin adieran da sailekoa da. Atenastarrak eta persiarrak elkarren aurka borrokatu ziren Marathonen.
  •          Bultza egin. Horrelaxe da partizipioa, eta ez bultz egin*. Bultzatu eta bulkatu haren sinonimoak dira, bultzada eta bulkada, ordea, bereizten dira.
  •          Ekoitzi ekoiztu baino hobeto. Bien aditz-oina ekoitz da.
  •          Eraso. Horixe da aditza. Erasotu* ez da azaltzen Euskaltzaindiaren Hiztegian. Dio moldekoa da.
  •          Espezializatu. Espresuki baztertu du Euskaltzaindiak espezialdu. Bide beretik honako hauek dira zuzenak: arrazionalizatu, digitalizatu, erradikalizatu, formalizatu (formaldu=zintzo bihurtu), globalizatu, kristaldu (kristalizatu baino hobeto), nazionalizatu, pertsonalizatu, profesionalizatu, sakralizatu, sozializatu.
  •          Hustu. Aditz-oina hustu zein huts izan daiteke. Aditz-izena hustea da, ez hustutzea*. Hutsitu bizkaierazko forma jasoa ez dago Euskaltzaindiaren Hiztegian.
  •          Irten. Aditz-izena irtetea da, ez irtetzea*. Da sailekoa da: irten da. Bizkaierazko urten, aldiz, du sailekoa da: urten dau. Haien sinonimoak jalgi eta atera.
  •          Iraun. Komunztadura singularrean egiten du: bi ordu iraun ditu* gaizki dago.
  •          Itxaron Itxoin baino hobeto Batuan.
  •          Finkatu. Ez da erabili behar kokaturen sinonimo gisa.
  •          Jarraitu, jarraiki. Partizipioa holaxe da, beraz, adjektiboa jarraitua (edo jarraikia) da, ez jarraia*. Bestetik jarraiki partizipioa da, beraz, aditzondo moduan erabiltzea ez da zuzena, jarraikiz erabili behar da balio hori emateko. Segitu sinonimoa da.
  •          Kalte egin. Ez erabili kaltetu kalte egin adieran.
  •          Kaltetu. Da sailekoa. Zerbaiti edo norbaiti kalteren bat heldu. Autoa kaltetu zitzaigun.
  •          Kosta(tu). Partizipioa kosta zein kostatu izan daiteke. Beraz, biak erabili daitezke arazorik gabe: Niri ere kosta zitzaidan sinestea; Nire bizi guztian ez zait gutxiago kostatu goizeko bostetan jaikitzea. Zaio sailekoa da, beraz, zenbat kostatzen du* ez da zuzena.
  •          Lehiatu. Da sailekoa da. 40 segalari lehiatu ziren guztira, bero egin arren.
  •          Nabari izan, nabaritu. Biek dute esanahi bera, eta ez dago haien artean hobespenik. Beraz, nabari da zein nabaritu da esan eta idatz daiteke.
  •          Nahasi eta nahastu. Bien aditz-oina nahas da. Nahasi hobesten da. Nahastekatu (Ipar. eta Naf.) eta nahastatu (Batez ere Bizk.) formak ere agertzen dira Hiztegian.
  •          Oldartu. Da sailekoa da. Otsoa bildotsari oldartu zitzaion.
  •          Pasatu. Horrelaxe da partizipioa, eta ez pasa, halere Euskaltzaindiak, Hegoaldean eta lagunarte mailan, era burutuarentzat, pasa forma ere onartzen du: albotik pasa da, etab.
  •          Saihestu. Aditz-oina saihestu eta saihets izan daitezke, baina ez saihes*.
  •          Sinetsi. Horixe da aditza Hiztegian. Sinistu formak bizk. eta gip. markak ditu. Aditz oina sinets da; gipuzkeraz eta bizkaieraz sinis.
  •          Topo egin.  Soziatiboarekin edo gabe. Du sailekoa da. Ustekabean aurkitu esan nahi du, topatu = aurkitu.
  •          Ukitu. Ikutu baztertu du Euskaltzaindiak
  •          Zozkatu edo Zotz egin hobeto zozketatu baino.

INFORMAZIO OSAGARRIA

Euskaltzaindiaren arauak: 85