Mugikorraren erabilera pedagogikoa ikasgelan

Argitaratua: asteartea, 16 ekaina 2020, 7:26
Mugikorraren erabilera pedagogikoa ikasgelan

Mugikorarren erabilera pedagogikoa ikasgelan izan zen apirilean Maite Goñik emandako webinario baten izenburua; KoLaborategiak antolatu zuen, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazioarako laborategiak. You Tuben dago grabaketa, Mondragon Unibertsitatearen kanalean hain zuzen. Orduan esandakoak laburbildu eta iruzkindu ditugu sarrera honetan.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea da egun Maite Goñi (@euskaljakintza) eta KoLaborategiako kide. Besteak beste, bertako fakultate ezberdinetako irakasleen formazioan dihardu tekno-pedagogia esparruan. Ingurune digitala, Internet, teknologia eta euskara hizpide hartuta, hainbat hedabidetan hartzen du parte. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide da eta Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-Atalaren zuzendari. Geurean ere ezaguna dugu; 2016/2017 ikasturte hasierako ekitaldi akademikoan hizlari izan genuen. Teknologiaren aukerak hizkuntzen irakaskuntzan izan zen orduan landu zuen gaia. 

Mugikor bidezko ikaskuntzaren definiziotik abiatu zen: teknologia mugikorra edozein unetan eta edozein tokitan ikasteko baliatzea. Eta "mugikor" horren barruan, smartphoneak, tabletak eta abar sartu zituen. Beste erabaki bat izango da edozein horiek mugatzea. Prozedura metodologikoak eta helburu didaktikoak zeintzuk diren argi izan behar dela azpimarratu zuen behin baino gehiagotan, eta horren arabera hautatu teknologia. Suitzar labanaren irudia baliatu zuen metafora gisa, erabilera anitz izan ditzakeelako mugikorrak baina desegokiak ere tartean egon daitezkeelako.

Zertarako erabil daitekeen azaldu zuen: kontzeptu bat errazago ulertzeko, ikaskuntza pertsonalizatzeko, aniztasunari erantzuteko, ikaskuntza autonomoa, aktiboa eta jarraia sustatzeko, eduki kontzeptualak birpasatzeko, ebaluaziorako (e-portofolio batera ebidentziak igotzeko, esaterako), ikaskuntza-komunitatea sortzeko, ikasleak motibatzeko... Teknologiarekin lotura duten beste kontzeptu batzuei buruz ere mintzatu zen: ikasgela iraulia edo flipped classroom,  Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza... Erakunde hezitzaile batean mugikorren erabilera aurrera eramateko dekalogo bat aurkeztu zuen.

Hitzaldian zehar, baliabideak aipatu eta azaldu zituen. Hona hemen batzuk:

Webinarioa ez zen helduen euskalduntzera bereziki zuzendua izan, eskolei zentzu zabalean baizik. Adibidez, gurasoen inplikazioa agertu zen hitzaldian zehar eta galdera-erantzunetan. Hala ere, badaude gure esparrurako hainbat ideia baliagarri, besteak beste, helduak diren heinean ikasleen parte hartzea aplikazioak aztertzeko.

Hortaz aparte, Irakasbilen dauden edukiekiko loturarik badago, hala nola Hizpide aldizkariaren 85. zenbakiko artikuluak (mugikorren inguruko gaiak izan ziren nagusi) edota TPACK ereduari buruzko sarrera.


Erreferentzia bibliografikoa.

Mondragon Unibertsitatea (2020, apirilaren 29a). Maite Goñi - Mugikorraren erabilera pedagogikoa ikasgelan. [Bideoa]. You Tube. https://youtu.be/8EjSMQj_Cas

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - og., 18 eka 2020, 12:51
    mschools toolbox aipatu zuen Maite Goñik hitzaldian app-ak aukeratu edota iragazteko. Hona hemen beste aukera bat: AppMatcher.

Beste eduki interesgarriak

Hizpide 85

Hizpide 85

2015 urtarrila-apirila BESTE ITURRIETATIK - "Mugikor bidez lagundutako hizkuntzen ikaskuntzari buruzko ikuspegi bat: edukia banatzetik lagundutako elkarlan eta elkarrekintzara" (Agnes Kukulska-Hulme eta Lesley Shield) - "Piztu eskukoa, hasi egingo da-ta eskola" (José Ramón Rodríguez eta Ricardo Torres) - "Aterako al dugu argazki bat? Instagram-en erabilera ELE eskoletan" (Guillermo Gómez) GELA IREKIA - "WhatsAppa, lagun-taldetik harago" (Jaione Aldazabal, Montse Fernández eta Igor Zaballa) BESTELAKO LANKIDETZAK - "Euskara irakasleak badu nortasun... digitalik?" (Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillén)
TPACK

TPACK eredua

Irakasleen gaitasun digitalez edota IKTak eta irakasleen prestakuntzaz ari garenean, TPACK deritzona da erreferentzia-ereduetako bat zalantzarik gabe. 2006an azaldu zen lehenengoz; landua eta garatua izan da harrezkeroztik. Hala, 2009ko artikulu berrikusia plazaratu zuten Koehler, Mishra eta Cain-ek 2013an; 2015ean gaztelaniaz eman da argitara artikulu hori berori.