Minutu pare bat behar d(ir)a hau irakurtzeko

Argitaratua: asteartea, 14 maiatza 2019, 11:13
Iñaki Villoslada

Mugakizun bereziko hitz-elkarketen barruan daude multzo-elkarteak: besteak beste, pare, pila, mordo, multzo… izenak daramatzatenak. Marratxoaren erabilera horrelakoetan alde batera utziko dugu oraingoz, eta beste kontu bati ekingo diogu: komunztadurari. Horrelakoetan, singularra erabili behar al da? Plurala onartzen al dute? Pare aztertu eta ikusiko dugu zein diren ohiko erabilerak.


Pare. 

Patxi Goenagak adierazi zuen ezkerraldeko kokapenak hartzen duenean pluraltasuna ageriagoa dela (pare zenbatzaile izatetik hurbilago dagoela) eta hiztun askok pluralean komunztatzeko joera dutela –ezkerreko kokapena usuagoa da bizkaieraz–: Pare bat harri bota NIZKION vs Harri pare bat bota NION. Zenbait adibidek ere hori frogatzen ei dute: beren lurreko dozena pare bat botella ardo bidaldu zizkiguten. Pare bat ordu asko ditu nere suiak erbia bizkarrean duela etxeratzeko; pare bat galtzerdi erosi ditu.

Halere, hau bezalakoak ere normalak dira: Egunian pare bat pakete erretzen dau. Eta idazle zein hiztun onen ereduak ez dirudi arau hori betetzen duenik… Badirudi singularra zein plurala erabiltzea hiztunaren hautua dela: bikotea unitate gisa irudikatzen bada singularra erabiltzeko joera dago, baina parearen osagaiak bereiz irudikatzen badira plurala erabiltzen da maiz. Gainera, hiztunak ez du bere buruarekin zertan izan koherente, unean uneko hautu bat dela ematen du: komunztadura gramatikala versus komunztadura semantikoa (ad sensum), azken finean. Hona hemen jasotako hainbat adibide Lexikoaren Behatotikik:  

  • Yan Tao pare bat landatuta dut (Jakoba Rekondo).
  • Pare bat adibide aipatuko ditugu (Irureta Azkune).
  • Udan hilabete pare bat pasatzen genituen amaren familiako etxaldean (Sustrai Colina).
  • Gorputzari eman dio pare bat buelta (Aritz Galarraga).
  • Lagun pare batek esku hartu du (EITB, erredakzioa).
  • Kolpe pare bat ematen dizkio enbor bati (Anjel Lertxundi).
  • Kontu pare bat itxi behar nituen, baina amaitu dut (Goenkale).
  • Pare bat hitz esango nizkioke munstro puta horri (Katixa Agirre).


INFORMAZIO OSAGARRIA

IRALE. Kontsulta zerbitzua