Liburubila, bilatzaile bat baino gehiago

Argitaratua: asteazkena, 27 martxoa 2019, 12:58
Liburubila
  • Atala:
  • Dokumentu-mota:
  • Bisitak: 88
  • Iruzkinak: 0
  • Gogokoak: 0

Erakunde publikoek herritarren eskura jartzen duten edukien eskaintzaren atea dela esan zuten arduradunek Liburubila 2018ko uztailean aurkeztu zutenean. Izan ere, aldi berean hiru datu-base ezberdinetan egiten du bilaketa Liburubilak: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko katalogoan, eLiburutegian-formatu digitaleko liburuak- eta Liburukliken -dokumentu analogikoetatik digitalizatu diren ondare bibliografikoko datuak eta dokumentuak dituen biltegia-.

Erabiltzaileei informazioa eskaintzea da proiektuaren helburua, era erraz eta irisgarrian, aurki ditzaketen kultur edukiei eta horiek aurkitzeko lekuei buruzkoa. Eduki digitalen kasuan, Liburubila bilatzaileak horietara berehala jotzeko aukera eskaintzen du; gainerako edukien kasuan, maileguak ordenagailutik edo bestelako tresnaren batetik eskatzeko aukera ere ematen du.

Bilaketa soilaz gain, bilaketak mugatu daitezke bilatu nahi dugun materialaren arabera (liburua, ebooka, filma, dokumentu elektronikoa, egunkariak eta aldizkariak, dokumentu grafikoa edo ordenagailuko-fitxategia) eta nahi dugun katalogo edo datu-basean -Sareko katalogoa, eLiburutegia edo Liburuklik- Are, bilaketa liburutegi zehatz batera mugatu daiteke (HABE Liburutegira, esaterako).

Arestian aipatutako bilaketak edozeinek egin ditzake. Baina irakurritako edota bilatutako dokumentuekin zerrendak sortu eta gordetzeko aukera ere ematen digu Liburubilak. Horretarako, eta aipatutako bestelako zerbitzuetarako, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko (EIPS) liburutegiren bateko karneta izan behar da. Kontuan izan EAEko 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek eratzen dutela EIPS (udalerri batek udal-liburutegi bakarra du, baina zenbait sukurtsal izan ditzake); liburutegi gehienak udal-titulartasunekoak diren arren, udal-titulartasunekoak ez direnak ere badaude, besteak beste Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma edota HABE liburutegia bera.

 Laburbilduz; proiektu honen bidez, ‘leihatila bakarra’ kontzeptua, kasu honetan digitala, liburutegien eta mediateken mundura eraman nahi izan da.