Komunikazio-antsietatea euskara bigarren hezkuntza dutenengan

Argitaratua: osteguna, 2018(e)ko urtarrilaren 18(e)an, 16:46(e)an
Fontes Linguae Vasconum

Jasone Cenoz eta Alaitz Santosek idatzitako Komunikazio-antsietatea euskara bigarren hizkuntza dutenengan artikulua argitaratu dute Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 124. zenbakian (2017ko uztaila-abendua). Artikulu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan H1 gaztelania duten hiztunen euskararekiko komunikazio-antsietateari buruzko ikerketa bat aurkezten da.

Ikerketa horretan, 346 subjektuk hartu zuten parte, eta eskolatuak izan ziren hizkuntza-ereduaren arabera bereizi ziren (A, B eta D, alegia). Emaitzei erreparatuta, euskararekiko antsietateari dagokionez, diferentzia esanguratsuak daude hiru taldeen artean. Hortaz aparte, euskararekiko antsietatean eragiten duten sei faktore identifikatu dira: akatsak egiteko beldurra, hizkuntza-maila, solaskidearen jarrera, besteekiko alderaketa, hizkuntzaren garrantzia gizartean eta hizkuntzaren garrantzia lantokian.

Hizpide aldizkarian ere landu da antsietatearen gai hau. Adibidez, 1996an Josu Peralesek idatzitako Ikasle helduen herstura euskara ikastean, bibliografian aipatu dute argitaratu berri den oraingoan.


Beste eduki interesgarriak

hizpide 53

Hizkuntz antsietatea eta ikasgelako dinamika: ikasle helduei buruzko ikerketa bat*

Irakasle-sen hutsari jarraikiz, gauza agerikoa da probetxuzkoagoa dela ikas-prozesuari begira ikasgelako giro adeitsua eta mehatxurik gabea tentsioak eta antsietateak jotako giroa baino. Hainbat eta hainbat ikasle helduk larderia senti dezakete hizkuntza ikastean. Eta egon litezke horretarako zenbait arrazoi. Ikasgelako dinamika funtsezkoa da horretan guztian eta irakaslearen jokabidea ere zer esanik ez. Artikulugileak antsietatea sor dezaketen hainbat alderdiri erreparatu eta horiek saihesteko hainbat iradokizun ere eskainiko ditu.

Antsietatea H2 ikastean: gaiari berriz helduz

Asko eta asko dira H2 ikastean eta erabiltzean herstura nozitzen dutenak. Ikasle horiek diotenez, deseroso eta ezinegonak jota sentitzen dira H2n adierazi nahiko luketen guztia ezin esan dezaketenean, edota jatorrizko hiztunei zer dioten aise eta erraz ezin uler diezaieketenean. Halaber, ikas- -prozesuan ere urduri ikusi ohi dituzte beren buruak ikasgelan, ebaluazio- -probetan, edota irakasleak zerbait galdetu eta xede-hizkuntzan erantzun behar izaten diotenean… H2 ikasi eta erabiltzean herstura jasatea gertaera arrunta da. Eta traba egiten dio ikasleari bere lorpen-emaitzak eskastuz. Artikulu honetan, gaia berriz mahaigaineratuz herstura edo antsietatearen zer-nolakoei begiratuko diegu: zerk sortzen duen, zein egoeratan eta saihesteko zer egin genezakeen aztertuz. Halaber, gure ingurunean, helduen euskalduntze-alfabetatzean burututako bi ikerketaren emaitzak ere dakartzagu orrialde hauetara.