Komikia euskara irakasteko metodologiaren ardatzean

Argitaratua: osteguna, 14 abuztua 1986, 9:25
Bestelako lankidetzak

Ez dut uste komikiari buruz teorizatzen hasteko une egokia denik, eta are gutxiago niri dagokidanik. Horretarako badira marrazkilariak, komikilariak, eta batipat grafikoari eta marrazkiari dagokion ikerketa egiteko tekniko bereziak. lrakaskuntza nire lanbidea denez, eta honen barruan euskararen irakaskuntzarako metodologia, arlo honi soilik lotuko natzaio.
Esperientziak azaldu behar direla eta, komikiak duen didaktismoari begiratuko diot. Beraz, komikia irakaskuntzaren prozeduran sartzen badugu, irakasle-komiki-ikaslea trinomioaren arteko erlazio estu eta lotua aztertu behar dugu. Elementu aberasgarri eta berri honen erabilkera nolakoa den eta nolakoa izan litekeen esan nahi dugu «azterketa» hitzarekin, besteak beste. Orain arte euskara irakasteko eta ikasteko testuetan komikiari ez zaio oinarrizko lekurik eskaini. Gure eskuetara heldu diren testu-liburuak klasikoegiak izan dira, eta oso gutxi gure izate berezia edo nortasuna kontutan hartu dutenak. Gehienetan kanpoko ideiak hartu ditugu eta moldaketa propioa eman diegu. Gaitz erdi!