Jane Arnold: autonomia eta motibazioa

Argitaratua: osteguna, 13 otsaila 2020, 11:19
Jane Arnold

"The Routledge Handbook of Spanish Language Teaching: metodologías, contextos y recursos para la enseñanza del español L2" liburuan dago Jane Arnoldek idatzitako "Autonomía y motivación" kapitulua. HABE liburutegian badago liburuaren alerik; dena den, sarbide irekian ere jarrita dago Routledge Handbooks Online webgunean. Ikaslearean autonomia landu du Arnoldek kapituluan, HEOCaren oinarrietako bat hain zuzen. 

Bigarren hizkuntzak ikasteko prozesuan dauden alderdi afektiboen garrantzia du ardatz kapituluak. Horietako bi azpimarratzen ditu egileak: motibazioa eta autonomia. Dörney-ren ekarpenak hartzen ditu aintzat motibazioaz, hizkuntza bat ikasteko motibazio intrintsekoaren garapenari eta xede-hizkuntzan motibazioa eta komunikazioa sustatzeko faktoreei erreparatuz.  Autonomiari dagokionez, Deci eta Ryan-en ekarpenak oinarri, autonomiak eta motibazioak duten lotura aipatzen du; hala, autonomia handiagoa nahi dute hizkuntza ikasteko motibazio handiagoa duten ikasleek eta ikaskuntzan duten kontrolak indartu egiten du motibazioa. Azkenik, zenbait iradokizun dago, ikasleak beren prozesuan parte hartzera animatzeko, autonomia garatzeko eta motibazioa sustatzeko, besteak beste. 

Kapituluaren bukaeran, bi atal bereizten ditu bibliografian: gomendatua eta aipatua. Bertan dagoen Dórney-ren liburu bat badugu Itzulpen Saila bilduman: "Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan".


Show comments
  • AÑARA BAT HEGOALDERA IPARRAREN BILAainara maya urroz - or., 14 ots 2020, 12:57
    Motibazioa da gaur egun i(ra)kasleok aurrean dugun erronkarik konplexu eta handiena, zalantzarik gabe... garrantzitsuena da SORTZEA, EKOIZTEA. Lehenik bakarkako lanean abiatzen gara ikasbidean, eta gero talde-lanak berebiziko garrantzia du ikaste-prozesuaren garapenean eta zuzenketan, bitartekari irakasle, bideratzaile. Irakurtzera bultzatu ordez, idaztera animatu behar dugu lehendabizi, gauza txikiekin (mikro-ipuinak, olerkiak, aforismoak... ) eta norbere zaletasun, dohaiak eta gogoak kontuan hartuz. Hori da prestakuntza-prozesuaren funtsa! beraz, ekin eta idatzi! eta aitzina pika!