Itzulpenak egiteko "hiru hankako mahaia" estrategia

Argitaratua: astelehena, 19 abendua 2016, 11:57
Alex Mungia

Biziki interesgarria da Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendariak atera berri duen artikulua. Hona hemen itzulpenak egiteko aipatzen dituen hiru urrats nagusiak.

 Zertan datza aipatu metodologia hori? Halako mahaiak bezala, hiru zutabetan oinarritzen dira itzulpen hauek:

  • itzultzaile profesionala: liburuaren arloa hurbilekoa duena eta itzulpenaren estrategiak egoki menderatzen dituena. Itzulpenaren lehenbiziko idatzaldia osatuko du. Gero, xeheki begiratu eta zuzenduko dute lehenbiziko idatzaldi hori "mahaiaren gainerako bi hankek", bakoitzak bere arloan, batez ere itzulpenaren hasieran, lehenbiziko kapituluetan, han aurkitzen diren akats nabarmenenak ondorengo kapituluetan errepika ez daitezen.
  • begirale teknikoa(k): liburuaren arloan aditua den irakasle-ikertzailea da, betiere EHUkoa, gehienetan gero liburua bere ikasleekin erabiliko duena. Itzulpenean edukirik galdu edo aldatu ez dela egiaztatuko du, eta erabilitako terminologia egokia dela bermatu. Pertsona bakarra edo gehiago ere izan daitezke, batez ere zientzia eta teknologiaren arloan (bi, hiru eta lau izateraino iritsi arte).
  • hizkuntza-begiralea: Euskara Zerbitzuko aditua, euskararen eta testuaren berezitasunez arduratzen dena: itzulpena zuzena dela (arau gramatikalak ondo betetzen direla), euskara estandarra dela (euskara batuko arau eta gomendioak errespetatzen direla) eta egokia dela ziurtatuko duena; alegia, irakurgarritasunaren baldintzak ondo betetzen dituen testua dela egiaztatuko du.


Hiru hankako mahaiari hanka bat mozten edo kentzen bazaio mahaiak zutik iraun ezin duen bezala, itzulpen hauetan ere ez dugu atarramentu onik izango hiru zutabeetako bat falta bazaigu. Proba egitea nahikoa da horretaz jabetzeko.


*
Merezi du artikulua osorik irakurtzea.