Irakasbil: komunikatzeko bide berriak

Argitaratua: Tuesday, 16 March 2021, 1:09 PM
Irakasbil

Irakasbil webgunearen edukien berri zabalagoa emateko asmoz, beste bi bide ireki ditugu azken egunotan. 2016an "Irakasbil, HABEren atari berria" artikuluan idatzi zen legez:

gaur egun irakurleak erakartzeko badirudi ez dela nahikoa webgune batean eduki berriak jartzearekin; erabiltzaileen bila Internetera atera behar da, nolabait esateko. Ikuspegi honetatik, atarian jartzen denaren oihartzun-funtzioa ere badu

Horregatik, e-Berrikaria izeneko newsleterra edo buletina eta Facebook eremuko orrialdea batu zaizkio 2014an sortutako @Irakasbil Twitterreko erabiltzaile-kontuari .

Berrikariaren gaia ez da oraingoa erakunde-mailan. Izan ere, 1995ean jarri zuen abian HABEko Heziketa Sailatak Euskara irakasten eta sustatzen ari garenon BERRIKARIA. Garai hartan arduradun zen Joanba Bergarari egindako elkarrizketa plazaratu zuten HABE aldizkariaren 248. zenbakian; erantsita duzue orduko aldizkariko orrialdea. Asmoak antzekoak badira ere (euskara irakasten eta sustatzen ari garenoi informazioa azkar eta labur ematea, besteak beste) bestelakoa da euskarria. Horrexegatik deitu diogu orain e-Berrikaria

Otsailean sareratu zen 0. zenbakia; webgunean badu erlaitza. Baina helburua ez da toki horretan irakurtzea besterik gabe, interesaturik dagoen orok hilabetero bere postontzian zuzenean jasotzea baizik. Horretarako, urrats bat baino ez du eman behar hala nahi duenak: Irakasbil “ikastaroan” (azpian Moodle baitago) izena ematea. Hori eginez gero, gainera, edukiak irakurri ez ezik, Irakasbileko esparruetan (foroetan, iruzkinetan) era aktiboan parte-hartzeko aukera ere badago.

Facebook orrialdeari dagokionez, berriz, esparru horretako bide eta arauei jarraiki behar zaie. Irakasbilen ikuspegia, berriz, arestian azaldutako dokumentuan Twitterren erabilerari buruz adierazitakoaren arabera aritzea da, alegia,

    • Webgunean jadanik landu edo gerora landuko diren gaien aipamenak.
    • Berriak; esate baterako, prestakuntza-jarduerak.
    • Jatorrizko hizkuntzagatik edota azkarrago aritzeagatik, Irakasbilen argitaratzeko euskaratuko ez direnak.
    • Interneten argitara emandakotik interesgarritzat jotzen dena, hau da, ezagutza-bitartekari gisa aritzea.


 Erreferentzia bibliografikoa

Murua, I. eta Txabarri, L. M. (2016). Irakasbil, HABEren atari berria. e-HIZPIDE, 88. http://www.irakasbil.eus/argitalpenak/irakasbil_haberen_atari_berria


Comments