Iraide Ibarretxe-Antuñano 20/21 ikasturtearen hasiera-ekitaldian hizlari

Argitaratua: asteazkena, 29 uztaila 2020, 1:32
Iraide Ibarretxe-Antuñano

Iraide Ibarretxe-Antuñano Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretan Lizentziaduna da (1995) eta Hizkuntzalaritzan doktoratua Edinburgoko Unibertsitatean (Erresuma Batuan). Ikertzaile gisa lan egindakoa da Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn (1999-2001), eta Deustuko Unibertsitatean (2001-2003), eta ikertzaile gonbidatu bezala aritu izan da beste zenbait unibertsitatetan. Gaur egun, irakasle katedraduna da  Zaragozako Unibertsitatean, eta Academia Europaea ikertzaile-elkarteko kidea. 

Hitzaldia: “Pentsatzearen garrantzia hitz egiterakoan: hizkuntza-tipologia aplikatzea hizkuntzaz jabetzeari eta hizkuntzaren pedagogiari” 

Thinking for speaking (TFS) ‘mintzatzeko pentsatuz’ hipotesia Slobin-ek (1991) eta bestek azken hamarkadetan garatutako proposamen neoerlatibista da. Haren argudio nagusia da hizkuntza  baten egiturak hiztunen arreta esperientziaren alderdi jakin batzuetara bideratzen duela, haietaz hitz egitean. Ondorioz, hiztunek, beren hizkuntzetako hizkuntza-baliabideek gidaturik, elementu batzuk aipatuko dituzte eta beste batzuk ez dituzte kontuan hartuko gertaerak kontatzean. TFS-ren ondorioz sorturiko hizkuntza-moldeek erretorika-estiloa eraikitzen dute. TFS eredua maiz baliatu da lehen hizkuntzen ikerketan ikuspegi semantiko-tipologikotik (cf. Berman eta Slobin 1994; Strömqvist eta Verhoeven 2004), eta azken urteotan zabalduz joan da bigarren hizkuntzako adituen artean (Javis eta Pavlenko 2008, Han eta Cadierno 2010, Pavlenko 2011, Cadierno 2017,  Hijazo-Gascón et al. 2019, besteak beste) re-thinking for speaking ‘mintzatzeko birpentsatuz’ izenarekin (Robinson eta Ellis 2008).  

2020/2021 ikasturte akademikoaren hasiera-ekitaldian Iraide Ibarretxe-Antuñanok landuko duen hitzaldiaren muina bigarren hizkuntzaren jabekuntzan TFS kontuan hartzeak dituen abantailak eta horren inplikazio pedagogikoak izango dira. Helburu nagusia da erakustea zeinen funtsezkoa den aztergai diren hizkuntzen erretorika-estiloez hausnartzea eta haiek deskribatzea; hala ikasleak, zuzentasun gramatikalaz haratago, diskurtso aldetik egoki eta berezko hiztunek sortzen dituztenen antzeko diren adierazpideez jabe daitezen. Puntu horiek berak eta bere ikerketa-taldeak (MovEs-CONESSO proiektuak) garatutako hainbat ikerketaren bidez azalduko ditu, mugimendu-gertaeren lexikalizazioa eta jabekuntza hizkuntzen arteko ikuspegitik (hizkuntza erromantzeak, germanikoak, japoniera, euskara) aztertu dutenak.
 
EGUNA: ostirala, 2020ko irailaren 18a
 
TOKIA:   Euskalduna Jauregia, Bilbo
 
ORDUA: 12:00etan


Oharra: Ekitaldian parte hartzeko deitu 943 022650 telefonora edo idatzi zuzendaritza@habe.eus helbidera irailaren 15a baino lehen.