INGURA proiektuaren aurkezpena

Argitaratua: Thursday, 31 March 2022, 12:25 PM
INGURA

Euskara online ikasteko INGURA ingurune digitala sortzeko zereginetan ari da HABEren Metodologia eta Edukien Arloko lantaldea. Dagoneko lehen urratsak eman ditu; horien berri emateko,  aurkezpen-saio bat antolatu zen Bilbon martxoaren 24an euskaltegi eta autoikaskuntza-zentroko ordezkarientzat. 

Hona hemen egitasmoaren zertzelada nagusiak eta aurkezpen-saioan emandako azalpenak. 

INGURA ingurune digitala 

INGURAren bidez, laster online metodo bat eskainiko du HABEk, gailu elektroniko ugaritatik euskara-ikasleak modu gidatuan nonahi eta noiznahi ikas dezan.   

Oinarrizko mailetarako helburu-edukietatik hasita, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) ildo metodologikoei jarraikiz diseinatuko dira INGURA ikastaroak, ezaugarri teknopedagogiko berritzaileak izango dituen ikas-ingurune batean,  bakarkako nahiz taldeko ikas-irakaskuntza ahalbidetuko duten hizkuntza teknologiak eta gamifikazio-estrategiak eskainiz, besteak beste. 

INGURA egitasmoaren garapenak lan-lerro ugari eta planifikazio handia eskatuko du, bai definizio eta baita gauzatze uneetan ere. Horren jakitun, HABEren INGURA lantaldeak, beste hainbat erakunde eta aditurekin lankidetzan, urtebete darama zereginak zehazten, urratsak ematen eta datozenak aurreikusten. 

Orain arteko ibilbidea zertan izan den eta aurrera begira, epe motz nahiz luzerako, HABEk, INGURA inguru digitalari dagokionez, zein helburu dituen azaldu eta euskaltegi nahiz autoikaskuntza zentroetako lankideen ekarpenekin osatzeko asmoz, INGURA egitasmoaren aurkezpen-saioa antolatu zen, esan bezala,  martxoaren 24an, Bilbon. 

2022ko martxoaren 24ko aurkezpena


Harremanetarako


Beste eduki interesgarriak

Ingura

"Ingura" proiektua: ikasmaterialak sortu eta argitaratzeko kontratua

"Ingura" deritzon euskara ikasteko ingurunerako ikasmaterial digitalak sortzeko eta argitaratzeko kontratua abian jarri da Eusko Jaurlaritzan; HABE da erakunde sustatzailea. Bi kidez osatutako lantalde batek burutuko du zehaztutako zeregina. 2022ko ekainaren 1eko 23:59an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea; egun bereko 18:00ak baino lehen HABErekin harremanetan jartzeko aukera dago. Informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren "Kontratazio Publikoa Euskadi" plataforman.