Ikus-entzunezkoak eskolan

Argitaratua: ostirala, 2017(e)ko martxoaren 24(a)n, 11:56(e)tan
Filmeak egiteko

Film laburrak edo bideo-zatiak eskolan erabiltzea da teknologiak baliatuta dugun aukeretako bat. Aspaldikoa da, esate baterako, Itzulpen Saila bilduman argitaratu zen "Bideo hizkuntzen irakaskuntzan" liburua.  Duela gutxiko proposamenik ere badaukagu eskura, Ikasbil-en dagoen "Zonbiak  euskal zineman" jarduera, esaterako. 

Film laburren erabilerari buruz mintzatu ziren joan den astean --mintzatu edo, ohi bezala txio bidez izan baitzen-- CharlaELE ekimenean. Horren ondoren, baliabideen zerrenda bat egin dute bertan azaldutakoekin. Ikusiko duzunez, ELE eskolei begirakoa izan arren, badaude hitzik gabeko filmak edota gure esparrura egokitu daitezkeen proposamenak. 

Halaber, aplikazio eta programa ugari dago ikusentzunezkoen ekoizpenean parte hartze zuzena izateko, prosumitzaile gisa arituz gainera: bikoizteko, grabatzeko, editatzeko, azpititulatzeko... Horren ingurukoa izan zen Natalia Contraresen ekarpena, "Docentes al borde de un ataque de medios. Audiovisual y creatividad en el aula de ELE" tailerrean; martxoaren hasieran Madrilen egindako VII Jornadas Didácticas de Difusión en Madrid jardunaldietan egin zen tailer hori. Bertan erakutsi zuen, besteak beste, arestian adierazitako zereginetarako bide ematen duen Clipfair webgunea.

Erakutsi iruzkinak
  • 2012ko maiatzekoaIñaki Murua - or., 2017(e)ko mairen 5(a)n, 09:48(e)tan
    Zinea eta ELE gaia duen webinar edo Internet bidezko hitzaldi bat antolatu du Difusion-ek hilaren 10erako. Natalia Contreras izango da bertan.
    Izena ematea, dohainik. Hemen duzu informazio zabalagoa.
  • Hasier Agirre Aranburu-ren irudiaHasier Agirre Aranburu - or., 2017(e)ko mairen 5(a)n, 10:36(e)tan
    Niri beti iruditu izan zait interesgarria ikaskuntzarako bideoari audioa kendu eta irudiak komentatzea. Jarduera paregabea begitantzen zait jariotasuna lantzeko, eta, bide batez, diskurtso-tipoak barneratzeko.

    B1erako modukoa izan daiteke, adibidez, "Shaun the sheep" edo "Shaun arditxoa". Artalde batek artzainari egiten dizkion aldrebeskerien irudiak ikusi eta gertatzen dena KONTATZEA edo DESKRIBATZEA jarduera egokia izan daiteke. Gai arrunt eta orokorrak agertzen direlako kokatu dut B1en (ardiek artzainari egiten dizkioten akzio edo adar-jotzeak..)

    C1erako modukoa izan daiteke, berriz, futbol edo pilota-partida entzuleei KONTATZEA. Komunikabideetako hizkera baliatuz eta futbolaren edo pilotaren munduko diskurtsoa erabiliz, bat-batean, irudiek islatzen duten hori ikusleei helaraztea.

    Filmekin ere egin daiteke gauza bera; ikasgelarako gai egokia topatzea eta kontatu beharrekoa mailarako modukoa izatea dira kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.

    Eta, utopiko samarra badirudi ere, prosumizioaren bidetik jota, zergatik ez film jakin bati azpitituluak jartzera ausartu? Talde-lanean, konstruktibismoan, B2 edo C1 mailako ikasgela batean zergatik ezin da, apurka-apurka, film bat azpititulatu? Eta hori ongi orraztu eta borobildurik, zergatik ezin da nonbait aurkeztu?

    Beste jarduera interesgarri bat prosumizioari begira: Jo dezagun B2ko irakurmeneko ekintza komunikatibo bat hauxe dela: "Tresna baten funtzionamendura argibide luze eta konplexuak ulertzea". C1eko talde batek ezin al ditu, adibide bat jartzearren, Stihl desbrozadora baten instrukzioak euskaraz jarri, ondoren, euskaltegi berean, B2ko taldekoek hori bera irakur dezaten?Eta hori ezin al da Stihl etxera bidali, erakundeekin ondo loturik, aurreantzean euskara intsrukzio-hizkuntza gisa kontuan har dezaten?? Zeren eta, beharbada, harritu egingo ginateke emaitzarekin, erabiltzaile asko baititu etxe horrek Euskal Herrian.

    Hori bai litzatekeela benetako prosumizioa! Euskaltegi batean ekoitzitako testu bat Alemaniako enpresa garrantzitsuenetako baten instrukzio-hizkuntza bihurtzea! Gaurko mundu globalizatu eta kapitalistan, estatuek baina gehiago agintzen dute erabiltzaileek (erabiltzaile-kopuruak). Ez ahaztu esaera: SALTZAILEAK BADAKI EUSKARAZ.

    FACEBOOK batean ahotsa izateko, egun, estatu potente bat behar da atzetik, edota erabiltzaile-masa kritiko eta kopurutsu bat da garrantzitsuagoa? Uste dut egin daitezkeela oso gauza politak euskaltegietan, prosumizioaren bidetik, gizartera begira balio erantsia izan dezaketenak.
    Jo nazazue utopikotzat, eta, baliteke halakoa izatea, baina NAHI DUGUN HORI IZANGO GARA.