Ikasle itsuen eskolaratzea helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntzan

Argitaratua: ostirala, 5 martxoa 2021, 9:25
Actividades integracion invidentes cursos ELE

Ikasle itsuen eskolaratzeari buruzko aurrez aurreko ikastaro bat dago aurreikusita 2021erako Cervantes institutuaren irakasleentzako prestakuntza-eskaintzaren barnean; Mª José Menéndez Mayoral izango da irakaslea. Erreferentzia bat aipatzen da ikastaro horri buruzko informazioan; “Actividades para la integración de invidentes en el aula ELE”, hain zuzen.

Tetuaneko Instituto Cervanteseko hiru irakaslek (Guillermo Ochoa Gómez, Youssef Afellat eta Mª José Menéndez berak) 2011ko azaroan egindako Congreso Mundial de Profesores de Español kongresuan aurkeztutako komunikazioa da aipatzen den hori. Bideo eta oinarrizko informazioa kongresu horretako webgunean dago eskura.

Nahiz eta oinarrian hiru irakasle horiek ikusmen-urritasuna zuten pertsonekin oinarrizko mailan (A1ean) izandako esperientzia egon eta planteamendua desgaitasunen bat dutenak eskola arruntetan integratzea izan, eskolan zentzumen guztiak baliatzea edozein testuingurutarako izan daiteke interesgarri. Alegia, usaimenezko, ukimenezko, dastamenezko, entzumenezko eta ikusmenezko sentsazioak deskribatuz, elkarrekin lotuz eta hizkuntzaren eremu abstraktuagoetan aplikatuz, ikasleen trebetasunak aktibatzeko modua egon daiteke. Ziotenez, ikaskuntza-prozesuan ikaslea eragile aktibo bihur liteke norberaren esperientzia sentsitibotik abiatuta. Gainera, ikasgelan jolastea elkarlaneko ikaskuntza sustatzeko ere baliagarria izan daiteke haien ustez.

 Alderdi praktikoari erreparatuta, era desberdinetako jarduerak aurkeztu zituzten komunikazioan:

  • usaimenaren erabilera: sentsazioak edota oroitzapenak adieraztea, pertsonen deskribapenak egin eta gelan horien berri eman ariketa bat egiteko…
  • eguneroko bizitzako soinuak baliatzea eta horiek hizkuntzarekin lotzea (soinua eta unea, soinua eta ekintza adierazten duen aditza…)
  • ukimenaz eta entzumenaz objektuak eta berorien deskribapenak lantzea (formak, neurriak, materialak)

Kontuan hartzekoa da gelan ondo ikusten duten ikasleak izanez gero, jarduera batzuetan begiak estalita izan beharko lituzketela. Halaber, jarduerak burutzeko zenbaitetan tintaz (eta letra-tamaina desberdinetan, ikasleen arabera) eta brailleraz egindako materiala erabiltzen zuten.

Bukatzeko, laburpen gisa egindako proposamen eta hausnarketez gain, gaian sakontzeko garai hartan bizirik zuten blog bat ere aipatu zuten komunikazioan: ELE para todos.