Ikaskuntza estrategikoa

Argitaratua: ostirala, 3 uztaila 2020, 10:45
L de Lengua

Ana Blanco Canales elkarrizketatu dute LdeLengua podcastaren 135. zenbakian. Filologia hispanikoan doktorea da eta Alcalako Unibertsitatean irakasle. Halaber, materialgilea ere bada eta espainieraren irakaskuntzari buruzko hainbat ikerketa burutu eta argitaratu ditu. Ikaskuntza estrategikoa izan du hizpide Francisco Herrerarekin izandako solasaldian. 

Ikasestrategien definizioaz aritu du Ana Blanco hasieran, kontzeptu konplexua izaki hainbat baitaude; izan ere, burmuinaren jarduera eta ikaskuntza daude oinarrian. Bi definizio eman ditu, orokorragoa bata, hizkuntzen ikaskuntzaren esparrukoa bestea, klasikotzat jo daitekeen 1990ean Oxfordek egindakoa gogoratzeaz aparte. Dena den, ikuspegi desberdinek komunean dituzten ezaugarriak aipatu ditu, hala nola dimentsio anitz dutela (ez soilik kognitiboa), ikasi eta irakatsi ahal direla, malguak direla eta ez aldez aurretik ezarritako planak, transferitu ahal direla, ez direla berez egokiak edo desegokiak eta egoera zein ikaslearen izaera aintzat hartu behar direla (erreminta-kutxaren metaforaz hitz egin dute elkarrizketan), kontzienteak eta nahitakoak direla, autonomia sustatzen dutela edota ikaskuntza prozesuak hobetzea dutela xede.

Ikerkuntzen egoerari erreparatu dio ondoren. Hala, 80-90 hamarkadetan erreferentziazko lan ugari egin zen baina egoera moteldu egin da, ikerketak konplexuak direlako besteak beste, denbora luzea behar izaten baitute; ez da erraza burmuinak funtzionatzeko duen era aldatzea.

Ikasten ikastea, ikaskuntzaren autonomia, ikaskuntza estrategikoa eta gaitasun estrategikoa bezalako kontzeptuak agertu dira elkarrizketan; errealitate beraren dimentsio bezala ulertzen ditu berak. Ikasestrategiak sailkatzeko era izan da azaldu duen beste gai bat, horren inguruko adibideak emanez: Cervantes Institutuaren Curriculum Planean dagoen ikuspegia, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan dagoena...

Honako hau da azpimarratu duen beste ideia bat: sarritan teknika zehatzak irakasten direla (testu batean hitz gakoak aurkitzea, adibidez), baina ez daudela plan orokor batean bilduta eta, ondorioz, haiek burutzeko ez dela pentsatu behar. Horregatik, planak eraikitzen irakatsi behar dela proposatu du, helburua erdiesteko egokiak diren teknikak biltzen dituzten planak hain zuzen. Eragiketa konplexuez ari gara azken finean, pentsatzea eta erabakiak hartzea eskatzen dutenak. Helduei ere irakatsi behar zaizkiela uste du (beti ikasten da) edo zorionez aldez aurretiko ikasprozesuetan lantzeko aukera izan badute testuinguru berriei transferitzen, era kontzienteagoan lan egiteko azken finean.Estrategien eta hizkuntz trebetasunen arteko loturaz ere mintzatu da. 

Ikasgelan gaitasun estrategikoa eraginkortasunez lantzeko aukera ematen duten adibide batzuk azaltzeaz gain, gaiari buruz gehiago jakiteko gomendio batzuk aipatu ditu bukatzeko; Diigo eremuan bildu dituzte proposamen horiek, L de Lenguan ohi dutenari jarraikiz.

Show comments
  • 2019anIñaki Murua - or., 3 uzt 2020, 12:16
    Interesaturik dagoenarentzat, Ana Blanco Canalesek Marta Noguerolesekin batera idatzitako liburua, Las estrategias de aprendizaje de segundas lenguas, elkarrizketan aipatzen dena hain zuzen, badago HABE Liburutegian