Ikasgelan nola egin lan euskara H2 duten ikasleek euskarazko gaitasun egokia gara dezaten

Argitaratua: asteartea, 2016(e)ko azaroaren 8(a)n, 12:57(e)tan
Uri Ruiz Bikandi

"Ikasgelan nola egin lan euskara H2 duten ikasleek euskarazko gaitasun egokia gara dezaten" izenburupean, Uri Ruiz Bikandiri egindako elkarrizketa egituratua duzu Berritzegune Nagusiak ekoiztutako bideo honetan.

Hona mahaigaineratutako egoerak eta egin zaizkion galderak:

    • Gaur planteatzen zaigun erronka hauxe da: elebitasuna sendotzea eta eleaniztasuna lortzea eta ikasle lan-hiztunak lortzea, bere irteera-profilean bizitzako eremu guztietan euskaraz eta gaztelaniaz egoki eta eraginkortasunez komunikatzeko gaitasun nahiko izango dutenak, ahoz zein idatziz. Eta horretaz gain, atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, gai izango direnak esparru akademikoan, pertsonalean eta gizarte-esparruetan modu egokian komunikatzeko. Zelan ikusten duzu egungo egoera hori? Ikusi
    • Hizkuntzen ikaskuntza-prozesuetan alderi afektibo-emozionalen garrantzia asko azpimarratzen da. Zein da zure iritzia? Ikusi
    • Hizkuntza-proiektuan edukien artean eredu didaktiko-metodologikoa ere jorratu behar dugu Hezkuntza Proiektua egiterakoan. Hizkuntzak zelan irakasten ditugun aztertu behar dugu eta erabakiak adostu. Gidak esaten du “ proiektu honen azken xedea da hizkuntzen erabilera eta ikasleen hizkuntza komunikaziorako konpetentzia hobetzea”. Zer da hizkuntza komunikaziorako konpetentzia? Ikusi
    • Nola neurtu gaitasun komunikatiboa? Ikusi
    • Zeintzuk dira komunikazio-gaitasuna bideratzeko jarduerak? Ikusi
    • Eta formari erreparatzeko jarduerek zer ikusi dute orain arte esandako guztiarekin? Ikusi
    • Ikasleekin hizkuntzaren garapen-prozesu hori antolatu eta programatu beharra dago helburuak lortu ahal izateko. Zure ustez, H2aren jabekuntza-prozesua bermatzeko, zeintzuk dira kontuan hartzeko funtsezko jokabide didaktiko-metodologikoak? Ikusi
    • Gure hezkuntza-sisteman ikasle gehienak euskara ez den beste hizkuntza bat dute lehen hizkuntza eta egunerokotasun hizkuntza. Garai batean, murgiltze-programak proposatu izan ziren egoera honetarako. Asko hitz egiten da murgiltze-programez, baina orain 30 urte euskaraz eskolaratzen ziren ikasle erdaldunak ez ziren asko, ikasleriaren % 20-25 inguruan eta familiek bilatu egiten zuten eskola-mota horiek. Irakasleek oso presente izaten zuten egokiera pedagogikoa.

Gaur egun, euskaraz eskolaratzen diren ikasle erdaldunak gehiengoak dira, % 70-75 inguruan. Familia askok ez dute motibazio berezi hori; egokitzen zaien eskolara eramaten dute semea edo alaba, eta ezin diote euskarari uko egin. Euskararekiko interesik izan ez arren, seme-alabek euskara izango dute beraien ikaskuntza-prozesu eta ibilbidean, eta, badirudi, murgiltze-programen bereizgarri pedagogiko-metodologikoak ahaztuta daudela, edo, behintzat, zentralitatea galdu dutela erronka berrien etengabeko zurrunbilo honetan.

Eskolan inoin baino anbizio handiagoko helburuak ditugu, eta ikasleen hasiera eta eguneroko hizkuntza-egoera inoiz baino konplexuagoa da. Zenbaiten iritziz, honek eskatzen du mulgiltze-programak indarberritzeko eta eguneratzeko ekimen luzea eta zabala. Eskolan egiten dena, bai, baina eragile askoren inplikazioa eskatzen du: hezkuntza-administrazioa, unibertsitatea eta languntza-zerbitzuen inplikazioa. Erreferentzia moduan Katalunyako Pla per a l'actualització de la metodologia d'immersió en l'actual context sociolingüístic   aipatu izan dute. Beharrezkoa al da horrelako plangintza bat? Ikusi