Ikas-edukiak eta ebaluazioa, eten itzela?

Argitaratua: asteazkena, 2018(e)ko ekainaren 20(e)an, 09:28(e)an
Maria Isabel Serrano

Ebaluazioaren inguruko audio/bideo-emanaldiak

Etena omen dago ikas-irakasprozesuetan irakasten denaren eta hizkuntzen irakaskuntzari buruzko paradigma berriek proposatzen dutenaren artean: zer eduki irakatsi behar den, ikasleak nola ikasten duen eta zertan ardaztu beharko litzatekeen ikasgela-programazioa. Berrikuntza eman omen da teoria-mailan, aldaketa baino gehiago dena, baina bilakaera hori ez omen da horren garbi ikusten irakasteko eta ebaluatzeko garaian.

Paradigma berriek nola ikasten eta irakasten den, eta nola ebaluatzen den berraztertzea eskatzen dutela dio aditu honek. Inork ez duela zalantzan jartzen ebaluatzeko garaian gaitasunak ebaluatzen direla, baina ikertzekoa litzatekeela zein den ikasgela-programazioaren ardatza: ikasleak esaldi-mailan trebatu eta diskurtsoak osatzera bideratu?

Gaitasun komunikatiboaren garapena elkarrekintzan burutzen da: hitz eginez ikasten da hitz egiten, ulertuz ulertzen …. Eta hizkuntzak nola funtzionatzen duen ere elkarrekintzaren bidez barneratzen du ikasleak.

Aditu honen proposamena honetan datza: ikasle batek zer esan nahi duen abiapuntutzat hartu, ondoren nola esaten den ikertzeko, bi ekintzak bat eginik bideratuz. Suma daitekeenez, urrundu egiten da “hizkuntzaren zati diren hizkuntza-baliabideak aurretik ikasi, ondoren komunikazioan erabiliak izan daitezen” proposamen metodologikotik. Bere biziko garrantzia hartuko du aniztasunak, ikasleek enuntziatu ezberdinak osatuko dituztelako, hizkuntza-baliabide ezberdinak baliatuz, horrek ikasgelako praktikan nola eragiten duen ahaztu gabe.

Alabaina, proposamen horrek ez du esan nahi eduki, metodo edota modu ezberdinak erabiliko direnik ikasleak ebaluatzeko. Aztertu beharko da zein neurritan den ikaslea gai duen ezagutza baliatzeko; komunikagaitasuna baita balioetsi behar dena, bere horretan behagai ez dena, eta ekintzak burutuz azaleratuko dena.