Hizkuntza-gaitasunen ikaskuntza mikrosekuentzia didaktikoen bidez

Argitaratua: larunbata, 28 martxoa 2020, 11:09
Nola osatu sekuentzia bat?

Azken hamarkadotan, bigarren hizkuntzen irakaskuntza planteatzeko moduak aldaketa handia ezagutu du. Hasiera batean, xede-hizkuntzaren izaerari, ezaugarriei eta irakasteko moduari buruzko galderetatik abiatzen baginen ere, oraingo abiapuntua bigarren hizkuntza hori nola ikasten den, eta, hori errazteko, zer egin behar dugun galdetzea da.

Horrela, kontua ez da ea ikasle batek eduki lexiko edo gramatikal batzuk zer neurritan dakizkien ala ez jakitea, edota ea komunikazio-funtzio jakin batzuk bideratzeko gauza den ala ez erabakitzea (aurkeztea, eskerrak ematea, emozioak adieraztea, etab.); kontua da komunikazio-egoera desberdinetan ikaslea hizkuntza eraginkortasunez erabiltzeko gai delako ebidentziak izatea, gaitasuna adieraztea. Hori lortzeko, Estevek eta Vilák egiten duten proposamena izan daiteke bideetako bat: hizkuntza-gaitasunen ikaskuntza mikrosekuentzia didaktikoen bidez.

Mikrosekuentzia didaktikoa elkarri kateatutako jarduera laburren multzoa da, azken produktu gisa testu bat osatzera bideratuta dagoena. Horrela, ekoizpen hori eskola-saio batean, bitan edo, gehienez, hirutan garatzekoa litzateke, burutu beharreko amaierako ekintza izanik sekuentzia didaktikoaren azken helburua.

Ikuspegi honen arabera lan egiteak eskatzen du, alde batetik, unitate didaktikoak planifikatzea azken ekintza komunikatiboa ebaztetik abiatuta; eta, bestetik, ekintza komunikatibo horretan ikaslea arrakastaz aritzeko beharrezko diren aldamioak egituratzea (erabilerari buruzko hausnarketa, lexikoari eta gramatikari buruzko jarduerak, ebaluazio-irizpideen eraiketarako proposamenak, etab.).

Horiek horrela, honakoak lirateke mikrosekuentzia didaktiko baten ezaugarri bereizgarrienak:

  • Laburra izatea. Aukera eskaintzen du testu-genero jakin bati buruzko unitate esanahidunak egituratzea.
  • Elkarrekintza. Ikuspegi soziokonstruktibistari jarraikiz, gelaren kudeaketa eskatzen du ezagutza areagotzeko (banaka, talde txikia, gela osoa).
  • Integrazioa. Trebetasunen uztarduran oinarritzen da: sortzaileak, hartzaileak zein hausnarketara bideratutako jarduerak.
  • Funtzionaltasuna. Erabileraren gaineko hausnarketak izatea eduki linguistikoen justifikazioa ahalbidetzen du, komunikazio burutzeko baliabide horien beharra, alegia.
  • Sormena. Sormena eta motibazioa indartu egiten dira baldin eta jarduerak erronka kognitiboa suposatzen baldin badio ikasleari, eta, nagusiki, burututako ekintzaren arrakasta-maila konprobatzeko aukerarik badu.
  • Autoerregulazioa. Ikaslearen inplikazioa eskatuko du, esaten edota idazten duenarekiko kontrola. Horretarako kontziente behar du izan sekuntziaren helburuaz zein ebaluazio-irizpideaz (zer egiten jakin behar duen, zer adierazi nahi duen, eta, horretarako, zer baliabide ezinbesteko zaizkion). 

 Eginbideak kalitatedun ekintza komunikatiboa behar du izan helburu, eta horretan honako aldiak proposatzen dituzte: 

  • Ikasleen hizkuntza-esperientziak aktibatzea, garatu behar duten testuari dagokionez (mundu ezagutza, aurrezagutzak eta eskarmentua).
  • Aldez aurretik dituzten baliabide linguistikoen mobilizazioa.
  • Proposatutako jardueretatik abiatuta, ikasleek ekoizpenean erabili ahal izango dituzten lexiko- eta gramatika-alderdietan fokalizatzea
  • Testua bera planifikatzea eta lantzea. Produktuaren lorpen-maila epaitzen duten ebaluazio-irizpideak elkarrekin eraikitzeko unea da.
  • Jardueraren ebaluazioa: komunikazio-jardueraren auto- eta heteroebaluazioa. Ebaluazioa formatiboa izatea lortu nahi baldin bada, ezinbestekoa da hausnarketa bideratzea, besteak beste, ebaluazio-irizpideen erabilera jarraitua suposatzen duelako.

Adierazitakoaren arabera, garrantzi berezia hartzen du ebaluazio-prozesuak ikuspegi honetan, besteak beste, presente dagoelako ibilbide osoan, bai aurrezagutzak azaleratzean, bai beharren arabera edukiak hautatzean eta lanketa bideratzean, bai ebaluazio-irizpideen eraiketan, eta bai ebaluazioa bera burutzean. Martin Perisek dioen bezala, curriculum irekiak eta ikaslea ardatz duten curriculumak proposatzen diren unetik aurrera, metodologia curriculum osoaren ardatz bilakatzen da, eta funtsezko zatia du metodologiak ebaluazioa.


Esteve, O. eta Vilá, M. (2018). El aprendizaje competencial de lenguas a través de microsecuencias didácticas. Textos, Didáctica de la Lengua y de la Literatura 81, 14-21.