Hizkuntz paisaia ikasteko eremu gisa

Argitaratua: ostirala, 14 abuztua 2020, 12:33
Hizkuntz paisaia

Lola Pons Sevillako Unibertsitateko katedradunari egindako elkarrizketa bat argitaratu dute Campamento Norteren webgunean; hizkuntz paisaia izan dute hizpide.

Baina, zer da hizkuntz paisaia? 1997an Landry eta Bourhis-en ekarpenaren arabera (Cenoz eta Gorte, 2008 ) “hainbat eremutan hizkuntza nola erabiltzen den adierazten du lurralde, eskualde edo hiri bateko hizkuntz paisaia kontzeptuak: merkataritzako iragarki eta errotuluetan, kale eta errepideetako errotuluetan, eraikin publikoetako errotuluetan eta bide publikoetan dauden bestelako testu idatzietan”.

Cenoz eta Gorteren arabera (2006):

Hizkuntz paisaia gure inguruan dago aldi oro, baina normalean ez diogu, kontzientzia osoz bederen, erreparatzen. Gero, bat-batean, kalean betidanik leku berean egon arren sekula gure arreta erakarri ez duen idazkun bati erreparatzen diogu. Idazkun horretan zein hizkuntza erabili d(ir)en ikusten dugu, akaso haren hizkuntz ezaugarriez jabetzen hasiko gara, edo geure buruari hura han nork jarri duen galdetuko diogu

Hizkuntza bera, kultura eta tokiko pentsaera hobeto ezagutzen laguntzen du hizkuntz paisaiak; ikasteko eremu gisa uler daiteke. Alderdi honi erreparatuko diogu nagusiki. sarrera honetan. Ponsen iritziz, hizkuntz paisaiak ikasteko aukera ugari ematen duenez, ingurune linguistikoaz arreta piztu beharra dago.

Horretarako zenbait ideia adierazi ditu elkarrizketa horretan 2012an argitara emandako lanari jarraikiz. Besteak beste:

  • Ikus-entzunezkoetan murgiltzea: serieak, pelikulak, albistegiak…
  • Hiztunekiko elkarreragina sustatzea ikaslearen parte hartzea areagotzeko : elkarrizketak, jende ugari biltzen den tokietan erronkak burutzea…
  • Ikastaroan zehar hari gisa luzatzen diren jarduerak egitea, esaterako, egunero ikasle batek kale bateko argazki bat aurkeztu eta ikusten diren kartelak azaltzea, zer nolako kalea den… Kalearen irudia online ere lor daiteke, ikasten den hizkuntzaren eta norbere testuinguruaren arabera.
  • Online dagoen kartografia baliatzea, Google Maps bezalako tresnen bidez, besteak beste.
  • Online dagoen prentsari erreparatzea; badaude modu eta lexiko komuna duten albiste globalak eta garapena tokiaren araberakoa izan ohi da.
  • Turismoa dagoen tokietan hizkuntzen erabilera aztertzea, eta hizkuntza horietan erabiltzen diren itzulpenei erreparatzea.
  • Ikasleei toki baten eleaniztasunaz jabetzen laguntzea.
  • Hizkuntz paisaia ekoiztea, esate baterako, benetan dauden kartelak imitatuz berriak sortzea.

 Sarean erreferentzia eta baliabide gehiago ere topatuko dugu gaiaren inguruan. Adibidez:

Hizkuntz-paisaia: hiztegi urbanoa

Erreferentziak.

Campamento Norte. (2020, abuztuaren 3a). “Nos hace falta despertar nuestra atención sobre el entorno lingüístico en que nos movemos.” Entrevista a Lola Pons. https://campamentonorte.com/el-uso-del-paisaje-linguistico-en-el-aula-de-idiomas-entrevista-lola-pons/

Cenoz, J., eta  Gorter, D. (2006). Hizkuntza paisaia eta eleaniztasuna: hizkuntzen funtzio informatibo eta sinbolikoak. In J.Cenoz, eta  D. Lasagabaster (Eds.), Hizkuntzak ikasten eta erabiltzen. (267-281 or.). Euskal Herriko Unibertsitatea.

Cenoz, J. eta Gorter, D. (2008). Hizkuntz paisaiaren ikerketa. Euskararen Berripapera, 190. https://www.euskara.euskadi.eus/r59-bpeduki/eu/contenidos/informacion/artik22_1_cenoz_08_03/eu_cenoz/artik22_1_cenoz_08_03.html

Pons Rodríguez, L. (2012). El paisaje lingüístico de Sevilla. Lenguas y variedades en el escenario urbano hispalense. Diputación de Sevilla. http://lolapons.es/wp-content/uploads/2019/12/Pons_Rodriguez_2012_Paisaje_Linguistico_Sevilla.pdf