Hezkuntz mikroblogginga hizkuntzen ikaskuntzan

Argitaratua: ostirala, 29 maiatza 2020, 10:31
Pixel Bit 57

Ikerketa bat egin dute "Hezkuntz mikroblogginga hizkuntzen ikaskuntzan" gaiaz Marta Rosón Jiménez eta Daniel Losada Iglesiasek. Pixel-Bit aldizkariaren 57. zenbakian eman da argitara egindako azterketa sistematizatu horri buruzko artikulua.

Aditu hauen hitzetan, mikroblogginga bezalako online komunikazioaren modu batzuk garrantzitsu bihurtzen ari dira hizkuntzen ikas-irakaskuntzan, besteak beste Europako Erreferentzia Marko Bateratua eguneratu eta osatzera datorren Companion Volume liburuan (behin-behineko bertsioa) online interakzioa neurtu eta ebaluatzeko eskalak agertu direnetik. Dena den, arestian aipatutako azterketa sistematizatuari ekin diote hizkuntzen ikas-irakaskuntzen eremuan mikrobloggingaz egindako ikerketen emaitzak arakatzeko beharra sumatu baitute.

Hiru izan dira helburu nagusiak, ikerketa-galderetan islatu direnak:

  1. Zer nolako ikerketak burutu dira hizkuntzen ikas-iraskuntzaren esparruan mikrobloggingaz.
  2. Ze aukera edota muga dituzten mikrobloggingeko erremintek ikasleen gaitasun linguistikoan.
  3. Nola aldatzen dituen mikrobloggingak ikas- eta irakas-prozesuak.

Artikuluaren sarreran, mikroblogginga zer den adierazi ondoren (karaktere jakinen mugarekin egiten den online komunikazio laburra, azken finean), dituen ezaugarriei erreparatu diete, hezkuntzarako alderdi sendoak eta ahulak adierazita. Halaber, hezkuntz mikrobloggingaz dauden ikerketak berrikusi dituzte eta gaitasun linguistikoari ere eskaini diote tartea sarrera horretan. Egindako ikerketaren metodologia argi eta luze adierazi dute ondoren Rosón eta Losadak. 

Hona hemen ikerketaren ondorioetako batzuk:

  • Twitter plataforma, helduen esparrua eta ingelesa hizkuntza izan dira nagusi aztertutako ikerketetan.
  • Mikrobloggingaren aukerak eta mugak aztertuta, emaitza positiboak ageri dira gaitasun linguistikoaren garapenari dagokionez. Baina badago muga bat: ikasleak berak sumatutako eskurapena da maiz ikerketarako oinarri.
  • Gaitasun semantikoa eta lexikoa dira mikroblogginga baliatzen denean arlorik landuenak.
  •  Ikas-prozesuetan onurak daude:
    • Elkarreragina areagotu egiten da; benetakoak dira materiala eta testuinguruak.
    • Ikaslearen partaidetza eta motibazioa handiagoak dira.
    • Antsietatea txikitu egiten da; ikasleen konfiantza, aldiz, handiagoa izaten da.
    • Pareen arteko zuzenketa sustatzen da, ikasleek irakaslearen atzeraelikadura nahiago duten arren.
    • Ikasgelaren mugak gainditu egiten dira: nonahi egin daiteke praktika autonomoa.
  • Mikroblogginga ondo hartzen da normalean, baina badaude arbuiatzeak (plataformen ezagutza ezagatik, agertu beharragatik edota mugengatik); beraz, kontuan hartu beharko litzateke aldez aurretik horrelako plataformen inguruko prestakuntza behar den.

Artikulu honetaz gain, Twitter gaia agertu da jadanik Irakasbileko edukietan eta HABEren argitalpenetan. Esate baterako:

Erreferentzia bibliografikoa

Rosón Jiménez, M. eta Losada Iglesias, D. (2020). Microblogging educativo en el aprendizaje de idiomas: una revisión sistematizada de las investigaciones publicadas entre 2010 y 2018. Pixel-Bit. Revista de Medios y Educación, 57, 231-251. https://doi.org/10.12795/pixelbit.2019.i57.10

Show comments