Helduen euskalduntzean bi ikertzaile gaitzeko beka-deialdia egin du HABEk

Argitaratua: ostirala, 10 urtarrila 2020, 9:58
HABE

HABEren egitekoen baitan dago helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlana sustatzea eta bere helburuak lortzeko irakasbide eta tresna egokiak bilatzea. Horren harian, jakintza-esparru horretan ikertzaileak gaitzeko bi bekatarako deialdia egin du HABE erakundeak. Beka bakoitzak 32.300 euroko diru-kopuru gordina izango du, eta HABEren egoitza nagusian (Donostian) burutzeko dira, 20 hilabetez.

HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu du: “Erakundeak ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu, eta, zehazki, helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan adituak prestatzeko aukera eskaini hautagaiei”.

Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako baldintzok bete beharko dituzte: batetik, unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea, batez ere, pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arlotakoa; bestetik, gutxienez, euskararen C1 komunikagaitasun-maila egiaztatua izatea. Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako ikastaro, argitalpen edo lan-eskarmentu merezimendu bezala baloratuko da, deialdia xedatzen duen ebazpenean zehaztutako irizpideen arabera.

Eskariak aurkezteko epemuga 2020ko urtarrilaren 30a da, egun hau barne. Eskabideak aurkezteko modua eta deialdi honen xehetasun eta jakingarri guztiak 2019ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki daitezke: HABEren zuzendari nagusiaren 2019ko abenduaren 17ko Ebazpena.