Hamar aholku idazteko

Argitaratua: ostirala, 5 uztaila 2019, 11:11
azar manzur

Academia webgunean, Carlos Azar Manzur-en eskutik datorkigu “Escribir hoy; diez consejos para redactar” artikulua. Aholkuak direla dio, ez erregelak; nahiko lukeenari lagungarri gerta dakizkiokeenak.  Bere hitzetan, meza-kanpaiak;  bertaratzen da nahi duena.

1.- Zirriborroa egin.

Ideiak uztartu, eta hautatu nagusiak eta bigarren mailakoak. Diskurtsoaren egitura agerian izango da, baita testuari eman nahi zaion errematea; ondorioa, alegia.

2.- Ez izan presarik.

Idatzi ondoren, hartu denbora eta utzi testua “hozten”. Agian, orduan konturatuko zara diskurtsoa ez dela pentsatu bezain borobila. Bihotza hotz eta eskua bero.

3.- Nahieran, hitz zehatzak, beharrezkoak eta xumeak.

Ahaztu muturrak —dena, ezer ez, inoiz ez, beti… —, eta denetarako balio dituzten hitz komodinak; aberastasun eza adierazten baitute. Bizitzarik ez duen hitza hiltzaile omen.

4.- Kontuan izan audientzia, norentzat ari zaren.

Jakin nor duzun irakurle eta lagundu zure ideiak jarraitzen. Eman bidea. Cassanyren hitzetan, irakurlea ahaztuz gero, irakurtzean ahaztuko zaitu.

5.- Utzi gramatika amaierarako.

Testuaren osotasunari erreparatu hasiera batean, esanahi orokorrari. Ondoren, aztertu horra heltzeko baliabiderik egokienak aukeratu dituzun. Horrek eskatuko dizu testua, gutxienez, birritan irakurtzea.

6.- Gainbegiratu idatzitakoa esaldiz esaldi.

Argitasuna eta ekonomia lortzeko dagoen bidea da. Saihestu hitz komodinak eta  errepikapenak, diskurtsoaren mezu nagusia ilun dezaketenak.

7.-  Nahieran, erabili esaldi motzak.

Ez du esan nahi esaldi xumeez osatu behar denik enuntziatua, “ez galdu esaldiaren kontrola” baizik. Puntua jartzeko unea iritsi dela baderitzozu, jarri.

8.- Ahoz gora irakurri.

Eta entzulerik izanez gero, hobeto; orduan konturatuko baitzara ea testuak behar bezala “korritzen” duen ala ez. Ziurrenik, espero ez duzun bezalako dimentsioa hartuko du enuntziatuak.

9.- Izenburua ez dadila izan “munduaz eta beste hainbat gaiez”.

Zer esan asko baldin baduzu, idatzi hori adina testu. Izan ere, testua ez da unibertsora zabaltzen den leihoa, amaieran ixten den atea baizik. Ideiak behin eta berriz kateatzeak esaldiaren eta enuntziatuaren kontrola galtzera eraman zaitzake.

10.- Ez eskaini arima WORDi

Diskurtsoa ez du testu-prozesadoreak osatzen. Erreminta baino ez da, zure zerbitzura dagoena.