"HABE azterketak" aplikazioa

Argitaratua: Thursday, 4 November 2021, 10:23 AM
Bai&by_HABE azterketak
Sarrera

Bai&by Fundazioak HABE azterketak izeneko aplikazioa aurkeztu berri du. Aplikazioa euskara ziurtagiriak atera nahi dituzten ikasleei zuzenduta dago eta doakoa da.

(albistea Bai&by blogean)

Ikasleak lau trebetasunetan trebatzea du helburu, baina autodiagnostikoa egiteko aukera eskainiz. Aplikazioa une honetan ikasleei zuzenduta dago, eta berak baino ezin du bistaratu bere e-posta eta pasahitzarekin. Dena dela, etorkizunean, litekeena da garapenen bat egitea irakasleok, ikasleen baimenarekin, taldearen diagnostikoa egiteko.

HABE azterketak aplikaziora sartzean ikasleak aurreko urteetako HABE azterketa ofizialen irakurmen- eta entzumen-probak izango ditu eskura, baina hizkuntza-trebetasunak lantzeko aukera emateaz gain, diagnostiko osatu bat eskainiko dio azterketara aurkezteko maila egokia ote duen jakin dezan. Aplikazioak "Diagnostiko" modulu bat dauka, eta bertan ikasleak hainbat estatistika izango ditu eskura: egindako probak, gainditutako ariketen bataz besteko puntuazioa trebetasunez trebetasun bereizita, probak lehen aldiz egitean lortutako emaitzak… Diagnostikoa osatzeko, aplikazioa Bai&by-ren mailaketa-proba egokigarriaz baliatuko da hizkuntza-baliabideen ezagutza-maila ebaluatzeko.

Aurrerago, idazmena eta mintzamena lantzeko aukera eskainiko da, baina tutore baten zuzenketa eskatzen dutenez, proba hauek ordainpekoak izango dira.

Aplikazioa edozein gailutatik erabil daiteke: telefono mugikorra, tableta edo ordenagailua.


Aplikazioaren deskribapena

Behin HABE azterketak aplikazioan sartuta, ikasleak, "HABE azterketak" izeneko botoian klik egin behar du:


HABE-azterketak erabiltzeko izena eman beharko du egindako proben emaitzak, diagnostikoa, eta abar gordetzeko aukera izan dezan. Izena emateko, "Izena eman" erlaitzeko eremuak bete beharko ditu. Inprimakia bete ondoren, sistemak maila aukeratzeko menua aurkeztuko du. Adibide honen kasuan, B2:


HABE aplikazioak lau trebetasunak lantzeko probak aurkeztuko ditu eta ikasleak nahi duena aukeratuko du. Adibidez, irakurmena:


Sistemak irakurmena lantzeko dauden proben zerrenda erakutsiko dio eta honek nahi duena aukeratuko du. Ikasleak, argibideak irakurri ondoren, "Hasi" botoian klik egingo du proba hasteko:


Ariketa bukatzen duenean HABE azterketak aplikazioak ariketa horretan lortutako emaitza zein izan den adieraziko dio grafiko ulerterraz baten bidez. Ikasleak eskura ditu hainbat erlaitz: "Guztiak", "Egin gabe", "Eginda" eta "Estatistikak":


Izan ere, HABE azterketak ikasleari ariketaz ariketa bere burua trebatzeko aukera eskaintzen dio. Proban "Gai" bada berdez aurkeztuko du, eta "Ez gai" bada, berriz, kolore gorriz.


Diagnostikoaren atalean egindako ariketen diagnostikoa ikusteko aukera izango du ikasleak, azterketara aurkezteko maila egokia ote duen jakiteko:


Ikasleak Bai&by-ren mailaketa egokigarria egin badu, HABE azterketak aplikazioak berau ere aintzat hartuko du diagnostikoa osatzerakoan. Bestela, Mailaketa-proba testuan klik egin dezake mailaketa egiteko. Mailaketa-proba, hizkuntza-proba egokigarri bat da, eta aplikazioaren algoritmoek ikasleari hizkuntza-baliabide desberdinen inguruko hainbat galdera egiten dizkio (gramatika, lexikoa, esapideak, egokitasuna...) eta erantzunen arabera, gora edo behera jotzen du ikaslearen euskara mailaren diagnostikoa osatuz. Oso emaitza zehatza ematen du eta oso fidagarria da: