Gutxi balitz bezala

Argitaratua: ostirala, 26 apirila 2019, 10:54
Iñaki Villoslada

Bailitzan eta bailuen modukoak saihestu beharra dago “como si fueran” tankerakoak emateko, izan ere, ez baitira bultzatzekoak (horrek ez du esan nahi erabiltzea akastzat hartu behar denik, halere) arkaikotzat jo baitziren garai batean (eta gaitz erdikotzat onartu) kontua zehatzago aztertzeko geroago eta berrizaleak zirela ondorioztatzeko, hots, XX. mendetik aurrerakoak. Alfontso Irigoyenek argitu zuenez, Etxeitak, Lauaxetak (Itzalak bailiran gautxorijak datorz, torrezar aldetik) eta Kirikinok (bertan elkar bilatu basapiztiak bailiran eta ahal zuenak bestea hil) erabili zuten; baita Lizardik ere: Txindurriek soin bakar baten xatiak bailiran diardute, eta berriagoen artean Saizarbitoriak: bere bihotz propio baten biziaz gainezkaturik bailiran (O Jesus, 130), eta are Mikel Zalbidek berak: Ez da itxurazkoa, alegia, behinolako arau ihartuak gaurkoak bailiran erabili nahi izatea.

Balitz bezala, balu bezala (bailitz bezala ere bai) eta balitz legez… gisakoek, aldiz, tradizioa eta hedapena izan dute idatzian: Illa balitz bezala jartzen da lurrean (Iturriaga). [Idia] Mehatzen baita hetikatua balitz bezala (Mongongo Dasanza, 1692). Eternitaterik ez balitz bezala bizi izan naizela (Baratciart, André, 1784). Ezer ez balitz legez (Madariaga, Bartolome). Yo eban buruz arri-mutilla, kuia balitz lez (Orixe, 1929). Oraidino bizi izatu naiz biziak bethi iraun behar balu bezala (Duvoisin, 1856).


Gomendioa 

BALITZ BEZALA/LEGEZ gisako egiturak erabili, BAILITZAN eta BAILUEN tankerakoen ordez, balio konparatiboa emateko


Hori guztia gutxi balitz bezala, okerrena etortzeko zegoen oraindik; izan ere, azkenaldian, erabilera oker bat hedatzen ari baita erruz, hots, balitz soila erabiltzea legez edo bezala elementurik atzean ez duela, ez baldintza gisa, baizik eta balio konparatiboarekin. Euskaltzaindiak horixe adierazi du Euskara Batuaren Eskuliburuan:

*Lanik gabe geratu da eta, hori gutxi balitz, hanka bat galdu du istripu batean (> Lanik gabe geratu da eta, hori gutxi balitz bezala [eta hori nahikoa ez dela, eta hori gutxi ez eta ], hanka bat galdu du istripu batean). (Euskaltzaindia, 2018, 125 or.).

 

INFORMAZIO OSAGARRIA

  • Irigoyen, A. (1990). BAILITZAN, BAILIREAN typoko erak zuzenak ote dira euskaraz tradizio zaharreko systeman? Mundaiz Patxi Altunari omenaldia 5, 69-176.
  • Euskara Batuaren Eskuliburua


Show comments
  • Picture of Hasier Agirre AranburuHasier Agirre Aranburu - or., 26 api 2019, 12:49
    Tradizioaren argudioa darabil Euskaltzaindiak, hortaz, "bailuen" eta gisakoak ez lehenesteko. Garbizaleek asmatu zituzten halakoak, jakina, baina baita egun hitzetik hortzera erabiltzen ditugun "idatzi", "irakurri", "argazki" bezalakoak ere. Euskaltzaindiaren argudioaren arabera, "leitu" eta "izkiriatu" (eskribitu) bezalakoak berrerabiltzen hasi beharko genuke berriro, ezta?

    Niri hizkuntza ekonomizatzea den guztia interesgarria iruditzen zait. "Bailuen" laburragoa da "balu bezala" baino...Herri-hizkeran ez ditu inork erabiltzen, baina testu jasoetarako ezin egokiagoak iruditzen zaizkit halakoak... Arau horrekin agerian geratzen da Euskaltzaindiaren irizpide zuzentasunari guztiz lotua; ez dirudi egokitasunaren (noiz bai, noiz ez) gaineko hausnarketarik dagoenik. Berrizaleak halakoak testuinguru literario batean (Lizardik poemetan, esaterako) erabiltzen hasi zirenean, ez dut uste herritarrak ere halakoak erabiltzen hasi zirenik... Nire ustez, halako esapideek mesde handia egiten diote euskarari. Ez al gara beti kexu euskararen erregistro (apala/jasoa) faltaz? Ez diogu ba beti euskara egin gabe dagoela eta etxean erabiltzeko hizkuntza dela? Ez ote doa erabaki hau Lizardik aldarrikatzen zuen euskara noranahiko horren aurka?