Grammar. Batstone, Rob

Argitaratua: asteartea, 21 uztaila 1998, 12:40

HABE Liburutegiko katalogoan


Gure irakasle-lanarekin zerikusirik handiena duten eta maizenik entzuten diren hitzak zein diren galdetuko bagenu, honakoak aipatuko lirateke zalantzarik gabe: “hiztegia”, “diskurtsoa”, “mintzamena”, “idazmena”, “komunikazioa”... eta, nola ez, “gramatika”. Izan ere, gramatika beste elementuen funtsezko ezaugarria da, hizkuntzaren berezko atala.

Liburu honetan gramatikari buruzko ikuspegi desberdinak aurkezten ditu egileak: lehenengo atalean, esaterako, azterketa teorikoa egiten du; bigarrenean, aurreko ideia horiek ikasgelara nola eraman aztertzen du; eta hirugarrenean, lan egiteko proposamen praktiko batzuk ematen.

• Gramatikaren izaera
Eguneroko komunikazioan erabiltzen dugun hizkuntzaren oinarrizko atala da gramatika. Hizkuntzen irakaskuntzan bi modutan ulertu da oraintsura arte: produktu eta prozesu gisa. Produktu gisa ikusita, gramatika hizkuntza sistematizatzeko indarra da: baliabide mugatu batzuk erabiliz, etengabe sortzaile izatea ahalbideratzen duena. Sistema hau modu orokorrago edo zehatzagoan aurkez daiteke idealizazio-mailaren arabera. Izan ere, gramatikari buruz baieztapen orokorrak egiten ditugunean, hizkuntz sistema “idealizatzen” ari gara. Hala, gramatika ikastean, aldaketa progresiboa gertatzen da: idealizazio-maila altutik bajuago batera.
Gramatika kontestu jakin batean erabiltzen dugu eta beraren bitartez azpimarratzen distantzia soziala, denborazkoa, psikologikoa eta hipotetikoa. Gramatikaren osagaiak zatika aztertuz gero ere, dezente ikas dezakegu, produktu gisa hartuta beti ere. Baina zer gertatzen da osagai horiek batera hartzen ditugunean hizkuntzaren erabilera errealean? Konturatzen gara gramatikaren sistema formala ezagutzea ez dela nahikoa komunizazioan trebe izateko, munduari buruzko ezagutza ere beharrezkoa baita. Horregatik, gramatika prozesu gisa ulertu beharra dago eta prozesu horri estu lotua doan lexikoak zer-nolako garrantzia duen nabarmendu. Jakin badakigu, bestalde, ikasleek gramatika ez dutela bat-batean bereganatzen, pixkanaka baizik. Izan ere, hizkuntza berria entzutea (input) ez da nahikoa hizkuntza ikasteko, hizkuntza horren zati bat (intake) bakarrik barneratzen baitute ikasleek. Barneratze hori formari atentzioa emanez lortzen da: hipotesi bat formulatu, egiaztatu eta berregituratuz, ondoren, azkar eta modu eragingarrian erabiliko badute.
• Gramatika irakasten
    a Gramatika produktu gisa irakasten
Ikuspegi honetatik, ikasleek hasieran gramatikaren aurkikuntza egin behar dute, “kontzientzia pizteko” jardueren bidez. Hala ere, egindako aurkikuntza horiei erreparatzea ez da nahikoa, ikasleak bere hipotesiak sortu eta egiaztatzeko premia baitauka: hau da, egituratze eta berregituratze-lana. Irakasleon lana, berriz, erreparatze eta egituratze-jarduera horiek gidatzea da, gakoa zein neurritan eta zein modutan datzala. Ikuspegi honek baditu, ordea, bere mugak: ezin dugu jakin ikasleek beren bizitza errealeko komunikazioetan modu egokian erabiliko ote duten “ikasitako” gramatika. Aitzitik, zenbait ikerketek adierazten dutenez, gramatika horrela irakasteak eragin gutxi dauka bat-bateko erabileran.
    b Gramatika prozesu gisa irakasten
Ikuspegi honek arreta handia eskatzen du atazak aukeratzerakoan, aukera horrek egundoko eragina baitu ikasleek erabiliko duten hizkuntzan: atazak gramatika garatzeko aukera eman behar die. Esanahiari eta hizkuntzaren kalitateari batera kasu egitea zaila izaten da ikasleentzat, gramatikaren kaltetan, gehienetan. Zer egin genezake, beraz, gramatika bertan behera utzi gabe, ikasleei bere hizkuntza moldatzen laguntzeko? Ikasleei, hizkuntza erabili 90 HIZPIDE 41 (1998), 88-91 orr. Liburuak eta aldizkariak bitartean, erreparatzeko eta egituratzeko aukera eman behar zaie; ildo horretan, gure egitekoa ataza egokia prestatzea litzateke. Hartaz, gure helburua ez da ikasleak bere produkzioaren zuzentasuna kontrolatzea (hau produktuan oinarritutako irakaskuntzarena litzateke), baizik eta esanahiak adieraztea gramatika ondo erabiliz. Bigarren kasu honetan, ikaslearengan ardaztutako irakaskuntzan alegia, ikaslearen erantzukizuna askoz handiagoa da.
    c Gramatika trebetasun gisa irakasten
Jakina da gramatikaren irakaskuntza tradizionalean gramatikatik lexikora lan egin dugula; aitzitik, hirugarren ikuspegi honetan, bestera egitea proposatzen da: “gramatikalizazio” bidea. Adibidez, ikasleei testuinguru bat eta hitz solte batzuk emango dizkiegu eta gramatikalizazioaren bideari jarraiki (beharrezko diren elementu gramatikalak ipinita), esaldia edo diskurtsoa osatu beharko dute. Horrela, lexikotik gramatikara lan egingo dugu, gramatika ikasleen beharretatik sortuko da eta ez irakaslearen aukeratik, eta, gainera, ikasleek gramatikalizazioa erabiliko dute nahi dituzten esanahiak adierazteko, hizkuntzaren erabilera naturalaren antzera. Kasu honetan, gure helburua da ikasleek formari arreta gehiago jar diezaiotela, esanahian zentraturik lan egiten duten bitartean. Irakasleok, aldiz, honixe egin beharko diogu aurre: nola lortu ikasleen hizkuntza kalitatezkoa izatea? Erabilitako formari buruz gogoeta egiteko eskatuko diegu ikasleei, lan hau –esan dutena eta esan behar zutena konparatzea– ataza osteko faserako utziz. Rob Batstone-ren liburu hau gomendagarria da oso, gaur egun hainbeste interesatzen zaigun gaiari heltzen diolako. Sail honetan eta eskema berari jarraituz, honako liburu hauek irakur ditzakezue: Ahoskera. Entzumena. Irakasle eta ikaslearen rola. Gramatika. Mintzamena. Elkarreragina ikasgelan. Hiztegia. Irakurmena. Syllabusaren diseinua. Diskurtsoa. Idazmena. Ebaluazioa.