Gramatikaren eta pragmatikaren arteko harremanak

Argitaratua: astelehena, 2017(e)ko otsailaren 27(a)n, 13:12(e)tan
L de lengua

Gai horren inguruan ari da José Amenós, Complutense unibertsitateko irakaslea, L de Lengua-ren 112 podcast honetan. Hizkuntzaren eraginpean aritzea eta praktika esanahidunen bidez hizkuntza erabiltzeko aukerak izatea omen da ikasprozesua burutzeko oinarrizko baldintza. Garrantzitsuena xede-hizkuntza behatzen irakastea dela dio, eta ama-hizkuntzarekin harremanetan jartzea. Izan ere, ama-hizkuntzaren ezagutza da xede-hizkuntza ikasteko ikasleak balia dezakeen tresnarik baliotsuenetako bat.

Gaira etorrita, pragmatika kognitiboaren egitekoa da, testuinguru jakin batean osatutako enuntziatuen esanahia eraikitzeko burmuinetan garatzen diren prozesuak aztertzea. Eta horrek eskatzen du: a) komunikazioa intentzio-jardueratzat hartzea, xede jakin bat lortzeko burutua; eta, b) testuingurua hiztunen eraikuntza mentaltzat jotzea; hau da, sozialki zehaztutako eta kulturalki baldintzatutako adimen-eskematzat hartzea.   

Maila unibertsala duten osagai pragmatikoez galdetzean, bi alderdi nagusi berezi behar direla dio Amorosek:

  • Gizartean hizkuntza nola erabili arautzen duen ezagutza-multzoa. Alegia, zerk egiten duen enuntziatu bat testuinguru batean egokia izatea eta beste batean ez; edota zergatik diren era batekoak eta ez bestelakoak adeitasun-adierazpenak. Kulturen artean alde nabarmenak ageri direla dio, eta, ondorioz, ezagutza eta abilezia horiek ikas-helburu bilakatzen direla.
  • Prozesaketa-mekanismoak, gizakiak berezkoak dituen oinarri kognitiboetatik sortuak. Inferitzeko edota ondorioak ateratzeko ahalmena, esaterako. Aparatu kognitiboaren osagai direnez, unibertsalak direla adierazten du.

Gizarte-ezagutza horiek noiz eta nola landu behar diren, eta ea mailakatzerik dagoen aipatzen zaionean, egoera komunikatiboen baitan, testuinguruari erantzuteko beharrezkoak diren baliabideekin batera garatu behar direla dio. Eta mailakatzean, kontuan hartzekoak direla, ikaslearen beharrak, profilak, erabilera-testuinguruak…