Abian da "Gozatu Sarean Euskaraz" kanpaina

Argitaratua: osteguna, 4 ekaina 2020, 12:22
Gozatu Sarean Euskaraz

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) urteak daramatza ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta bestelako baliabideak diruz laguntzen edo sustatzen. Hortaz, urte hauetan guztiotan, dirulaguntza deialdietan edo beste sustapen-lerro batzuetan parte hartu duten guztiei esker, euskarazko baliabide ugari aurki dezakegu ingurune digitalean euskaraz aritzeko. Alabaina, askotan ez da erraza izaten eduki edo baliabide horietara heltzea, horiek merkatuan euskaraz dauzkagula jakin ere ez dakigulako. Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Deialdian (ikus esaterako 2019ko esleipenei dagokien Ebazpena) esleipendun direnei berariaz eskatzen zaie egiten dituzten produktuak zabaltzeko. Hala egiten duten arren askotan gerta daiteke nahikoa ez izatea eta produktu horiek Interneteko zabaltasunean galtzea, kasurik txarrenean, edo aurreikusitako erabiltzaile-kopurua txikiagoa izatea eta indarra galtzea.

Horretaz kezkatuta, eta EABren Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atalean hainbatetan egindako gomendioari jarraikiz, produktu horiek zabaltzeko kanpaina bat abiatzea erabaki du HPSk, nolabait enpresek edo eragileek egiten duten zabalkunde lanari bultzada bat emateko. Zer esanik ez, pandemiaren garai hauetan Sareko baliabideek hartu duten pisua ere kontuan hartu beharrekoa da.

Aipatutako kanpaina gizarte-sareetan udan zehar burutuko da (YouTube , Instagram, Twitter, Facebook), gaur bertan hasita; Eusko Jaurlaritzak inoiz sustatutako produktuak aukeratu dituzte zabaltzeko. GOZATU SAREAN EUSKARAZ! da kanpainaren mezua da; webgunea badago erabilgarri eta #GozatuSareanEuskaraz traol-hitza ere hasi dira baliatzen.

Lehenengo fasean aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako eduki eta baliabideak zabalduko dira. Hurrengoetan, berriz, beste baliabide batzuk zabalduko dira, kulturakoak eta euskara ikastekoak esaterako.