Ganbara hornituz

Argitaratua: astelehena, 23 uztaila 2018, 12:58
Iñaki Villoslada

Kamara*, kamera, ganbera, ganbara.

Kamara baztertzea erabaki du Euskaltzaindiak eta kamera erabiltzea haren ordez, nazioartekoena hori delako; eta, horrenbestez, kamera, ganbera eta ganbara gelditu dira Hiztegi Batuan jatorri bereko hitzak izanik bakoitzak esanahi desberdina hartuta.

Ganbararen esanahia nahiko murritza da; eta ganberarekin termino asko sortu dira eta sortzen ari dira  -109 hitz azaltzen dira Euskaltermen-, jakintza-arlo askotakoak direnak: aire-ganbera, behe-ganbera, errekuntza-ganbera, ganbera-aretoa, hilobi-ganbera, zakatz-ganbera, eta abar eta abar.

Kamera:  Zinema-, fotografia- edo telebista-irudiak hartzeko tresna.

Ganbera:  

1 iz. Admin. Jarduera jakin bat arautzen duen erakunde ofiziala. Merkataritza-ganbera.

2 iz. Admin. Biltzar legegilea. Diputatuen ganbera.

3 iz. Ipar. Gela; bereziki, logela.

Horiez gain, beste bi adiera har ditzake:

 4 Esparrua (gas-ganbera, ganbera iluna).

 5 Barrunbea: gorputzaren edo organo baten barneko barrunbe itxia (bihotzeko ganberak).

Ganbara: Baserri batean, teilatupeko solairua, aletegi gisa-edo erabiltzen dena; etxeetan, goieneko solairuan dagoen gela, gauza zaharren gordelekutzat erabiltzen dena. Heg. Lgart. Burua.

Gomendioa: erabili kamera hitza irudiak hartzeko aparatua izendatzeko.  

Bukatzeko, kamera erabiltzen duen profesionalari kamerari esan behar diogu, ez kameralaria.

Informazio osagarria

Hiztegi Batua