Fontes Linguae Vasconum, mende erdiko ibilbidea euskal ikerketan

Argitaratua: osteguna, 3 abendua 2020, 8:32
Liburuaren azala

Etxepareren linguae vasconum primitiae (‘euskararen hastapenak’) hartatik hona euskararen emaria ez baita eten, fontes linguae vasconum (‘euskararen iturriak’) ditugu jakite-egarriaren asegarri.

Hala bada, berriki argitaratu da Fontes Linguae Vasconum 50 urte, ekarpen berriak euskararen ikerketari liburua, zeinaren erroak 2019ko martxoan egindako FLV, 50 urte: metodo eta joera berriak (euskal) hizkuntzalaritzan kongresuan dautzan.

Lehenik, baina, Fontes Linguae Vasconum (FLV) aldizkaria ezagutzen ez baduzue, haren 50. urteurrenaren karietara antolaturiko kongresu-erakusketaren webgunea araka dezakezue, datu eta azalpen interesgarriak idoroko baitituzue bertan. Esan daiteke FLV aldizkaria euskararen (eta euskarazko) ikerketan eta horren zabalkundean lan gehien egin duenetarikoa izan dela, eta horretan dirauela (ASJU, Uztaro, Lapurdum edo Euskaltzaindiaren Euskera agerkariekin batera).

Liburu argitaratu berriari dagokionez, 595 orrialde hartzen dituzten 38 artikuluz osatua da, eta guztira 17 instituziotako 60 ikerlarik parte hartu dute. Barnean euskararen eta euskal hizkuntzalaritzaren inguruko hainbat ikerketa-alorretako askotariko gaiak jorratzen dira; besteak beste, toponimia, hizkuntzaren historia, literatura, irakaskuntza eta soziolinguistika. Haien artean, HABEren webgunean edota aldizkarian ekarpenak egin izan dituzten zenbait adituren testuak aurkituko ditugu (Jose Mari Arriola, Ainhoa Ezeiza, Itziar Idiazabal, Luis Mari Larringan, Ane Ortega).

Horrenbestez, sarrera honen behealdean aurkituko duzue liburuaren azalak, aurkibidea eta aitzinsolasa biltzen dituen agiria.

HABE liburutegian