Euskararen ingurune digitaletik euskara-ikaslearen ingurune digitalera

Euskara ikasi nahi duenak argi izan behar du ikas-prozesuaren gidaritza eta ardura berea dela eta, eskoletara joan ez joan, orduak eman beharko dituela ikasten. Ikasteko ordu horiek emateko, eskolara joanez gero, eskolan bertan emandakoak izango dira asko, baina ez dugu ahaztu behar eskoletakoaz aparte bakarlana ere beharrezkoa dela. Egungo HEOCak ere irakastorduak eta ikastorduak (bakarlana/erabilera askea) jasotzen ditu, hau da, ikasleak maila jakin bat lortzeko eskoletan eman beharreko orduak eta bakarlanean eman beharrekoak. Baina, ikasteko orduan, askotan gertatzen da nork bere gustuak, usteak, gabeziak … dituela eta, ondorioz, bakoitzak dituela tresna edota produktu batzuk atsegin edo premiazko eta beste batzuk astun edota desegoki.

Horrela, hizkuntza bat -euskara kasu honetan-, ikasteko, ikasle batzuek gustuko izan ditzakete, kantak, beste batzuek jokoak, beste batzuek irratia, beste batzuek artikuluak, beste batzuek beste bide batzuk. Baina horretarako, nork bere bidea edota tresnak aukeratzeko, aurretiaz jakin beharko du ikasleak zer aukera duen. Eta ikasleak jakingo badu, aurretiaz ikasteko prozesuan bidelagun izan ditzakeen irakasleek ere jakin beharko dute.

Paperean zer dagoen jakitea errazagoa bada, ez da hain erraza online, ingurune digitalean zer dagoen jakitea, eta horri, hain zuzen, euskararen kasuan, euskararen ingurune digitala deitzen diogu; bestela esanda, euskara ikasteko ingurune digitalean dauden aukera guztiek osatzen dute euskararen ingurune digitala.

Aukera guztiak behin ezagututa, bakoitzak aukeratuko ditu ondoen egokitzen zaizkionak bere ikas-estilora, eta hori, bakoitzak eratzen duen hori, hori da ikaslearen ingurune digitala, berak euskara ikasteko euskarari eskainiko dizkion ikastorduetarako erabiltzen dituen web-orriak, irratiak, telebistak, jokoak,…

Premia bik bultzatu gintuzten lan honi heltzera. Batetik, Zornotzako Barnetegian ikasleen ikastorduetarako dauden ikasteko geletan informazio sistematikoa emateko premia, ikasleek jakin dezaten euskara ikasteko ingurune digitalean zer duten eskura. Bestetik, Eskola Futura  proiektuko ikasleek -etorkizunean Iparraldean lehen hezkuntzako euskaraz arituko diren irakasleak izango direnek- ingurune digitalak euskararen irakaskuntzarako zer eskaintzen duen jakiteko premia; bestela esanda, eskolak prestatzeko non zer dagoen jakiteko premia.

Eta informazio hori guztia dago bilduta modu sistematikoan hurrengo fitxategian. Gainera, informazio horretan, informazioari balio erantsia ematen dioten bihotzak daude, bihotzak baitira baliabideok interesgarriak direla adierazteko erabilitako ikonoa,  "atsegin dut" edo “like”-ak markatzeko modua.

Informazioa behar bezala erabili ahal izateko, hona hemen informazio sailkatzeko jarraitutako eskema.

1.      Plataforma orokorrak: euskaraz dagoen informazioaren bilguneak

2.      Hizkuntzak: euskara ikasteko tresnak daude jasota bertan

a)      Hiztegiak

b)     Gramatika

c)      Euskara ikasteko beste tresna batzuk.

3.      Berriak: Euskal komunikabideak

a)      Aldizkariak

b)     Irratiak

4.      Kultura: kultura arloko gaiak eta baliabideak

a)      Ipuinak

b)     Musika

c)      Bestelako adierazpide kulturalak

5.      Jokoak: euskaraz garatutako jokoak eta euskara lantzeko jokoak.