"Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu: hizkuntzen garapena eta erabilera aztergai" liburua

Argitaratua: Friday, 12 November 2021, 8:56 AM
Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu: hizkuntzen garapena eta erabilera aztergai

Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu: hizkuntzen garapena eta erabilera aztergai liburua eman du berriki argitara Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak. Leire Diaz de Gereñu, Ibon Manterola eta Inés M. García Azkoaga irakasleek bideratu dute lan hau. Aipatzekoa da Diaz de Gereñu eta Manterolak, Amaia Munarrizekin batera, Ahozko eta idatzizko testuen ekoizpena irakasteko sekuentzia didaktikoen diseinua lantzeko ikastaroa eman dutela aurten Santurtziko Udal Euskaltegian HABErekin lankidetzan. 

Liburuan bildutako lanen helburua da euskara eleaniztasunaren erdigunean jartzea. Ikerketa askoren lagin-bilduma da, eta hamalau lan bildu dira honako lau atal hauetan sailkaturik:  

  1. Eleaniztunen jabekuntza-prozesua 

  1. Euskara ardatz duen hizkuntzen ingeniaritza didaktikoa 

  1. Eleaniztasuna eta irakasleen prestakuntza 

  1. Hizkuntza-aniztasuna munduan eta Euskal Herrian: hizkuntza-kooperazioa 

Bertan, eleaniztasunaren ikerketan egindako ibilbide baten argazkia erakutsi nahi dute egileek, hirurak ere ELEBILAB Ikerketa Taldeko kideak. Talde horrek hizkuntza eta eskolako zein familiako eleaniztasuna aztertzen ditu ikuspegi sozialetik, psikologikotik, umeen nahiz helduen ikuspegitik, diskurtsoarenetik eta gramatikarenetik. Hiru ikerlariek euskaran oinarritzen den eleaniztasuna islatu nahi izan dute liburuan. 

Liburuaren bigarren atalean, esanguratsua da hizkuntzaren azterketa sozio-diskurtsiboa eta hizkuntzen didaktikaren esparruan erreferentea den Bronckart-en ekarpena. Hain zuzen ere, baliagarria da eleaniztasun-egoeretan mintzaira zer den eta nola irakatsi behar den ulertzeko, eta, hori dela eta, beste aditu batzuek ere mintzaira, testua eta generoa interakzionismo sozio-diskurtsiboaren ikuspegitik aztertzen dute.  

Irakasleen prestakuntzari dagokionez, hirugarren atalean, ekarpen ugari egin dituzte adituek, hau da, hurrengo urteei begira hizkuntzen irakaskuntzan lehentasuna izan beharreko arlo batzuen aurreikuspena egin da, irakasleak testu-gramatikan behar bezala trebatuta egon daitezen. Liburuan adierazten denez, irakasleek sekuentzia didaktikoen metodologia baliatzeak testu-gramatikari buruz hausnartzea eta metodologia horretan trebatu behar izatea dakar normalean.  

Liburuaren laugarren eta azken atalean, beste herrialde batzuekiko euskaldunon kooperazio-esperientziak azaltzen dira, eta, bereziki, ikerlariek A1 mailako programa diseinatzen egindako prozesua azaltzen dute, helduen eskoletarako metodologia eraginkorraren bila atazetan oinarritutako irakaskuntzaren bidetik.  


Erreferentzia

Diaz de Gereñu, L., Manterola, I. eta García Azkoaga, I. M. (2021). Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu: hizkuntzen garapena eta erabilera aztergai. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.  https://addi.ehu.es/handle/10810/53082

Beste eduki interesgarriak

ISD2021

Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren VII. Nazioarteko Kongresua

Interakzionismo Sozio-Diskurtsiboaren (ISD) VII. Nazioarteko Kongresua izango da Donostian uztailaren 5etik 7ra, UPV-EHUren Uda Ikastaroen barruan."Mintzaira-jarduera: ikerketak eta praktikak mundu eleaniztunean" du izenburu. Kongresua, hizkuntza gutxituei eta hizkuntza-aniztasunari arreta berezia (baina ez esklusiboa) eskaintzen dioten lau ardatzen inguruan dago egituratuta. Hizlarien artean, J.P Bronckart eta Joaquim Dolz izango dira, besteak beste. Bestelako ekarpenak ere izango dira, hala nola ahozko komunikazioak, sinposioak eta posterrak. Online edo aurrez aurre (aforo-mugaren arabera) parte hartzeko aukera izango da.Izena emateko epeari dagokionez, maiatzaren 31n bukatuko da. Hala ere, entzule moduan parte hartzeko epea zabalik egongo da kongresuaren egunera arte.
1201 irakasleen argazkiak

1201 - Ekintza komunikatibo bat gauzatzen irakasteko sekuentzia didaktikoa

Ikastaro honetan ahozko eta idatzizko testuen ekoizpena irakasteko sekuentzia didaktikoen diseinua landuko da. HEOCari jarraituta, ikuspegi komunikatiboa eta ekintza-ikuspegia hartuko dira ardatz, eta testu-generoetan oinarritutako hizkuntzen didaktikaren oinarrietan jarriko da arreta. Langai izango dira testuen eta testu-generoen definizioak eta karakterizazioak, testuen arkitektura, testu-generoen eredu didaktikoa eta sekuentzia didaktikoak. Irakasleek ahozko/idatzizko testuen ekoizpena lantzeko sekuentzia didaktikoen elementu batzuk diseinatuko dituzte ikastaroan zehar. Sekuentzia didaktiko horien diseinuan, arreta berezia eskainiko zaie irakasleak ekintza komunikatiboa bideratzeko sortutako kontsignan ezarri diren komunikazio parametroei; hau da, ikaslearen hizkuntza-ekoizpena bideratzeko sortutako komunikazio-ekintzaren baldintza komunikatiboei.