Euskara kolokialaren eskuliburua

Argitaratua: asteartea, 26 urtarrila 2021, 11:33
Liburuaren azala

2020ko azaroaren hasieran argitaratu zen Asier Larrinagaren liburua, UEUren eskutik, eta hainbatek euskarari (bereziki estandarrari) ikusten dioten hutsunea betetzeko beste urrats bat da.

Egilea, EITBko Euskara Zerbitzuko arduraduna, besteak beste Goenkaleko euskara-ereduaren zaintzailea izan da, eta lehenago ere plazaratu izan ditu ahozko euskara informalaren gaineko hausnarketak.

Liburuaren edukia

Liburua ia 200 orrialde hartzen dituzten 9 ataletan dago banatua (erreferentziak barne). Erdia baino gehiago hiztegi mardul batek eta haren osagarri eta lagungarri erantsitako zerrenda batzuek betetzen dute; irakurleak zuzenean jo dezake bigarren parte horretara eta euskara kolokialeko hitzak eta esapideak erabiltzen hasi.

Lehen zatia, aldiz, hizkera kolokialaren gaineko hausnarketa eta azalpen jakingarriei eta hizkuntzaren atal bakoitzari (ahoskera, morfosintaxia, lexikoa, aldaerak) eskainita dago. Hasieran, hain zuzen, hizkera kolokiala (eta oro har hizkerak, erregistroak zer diren) definitzeko saio bat egiten du Asier Larrinagak, hizkuntzaren aldaera mota ezberdinen (dialekto, soziolekto, argot…) inguruko azalpen laburretatik abiatuz.

Autoreak dioen bezala, hizkera kolokiala (edo lagunartekoa) solaskideen arteko harremana gertukoa eta konfiantzazkoa denean erabiltzen da, eta gordina nahiz jostalaria izan ohi da; baina hura ez datza, ezinbestean, oinarrizko hizkuntza-arauak haustean (ergatiboa, adibidez; beste zenbait alderditan euskara estandarretik aldendu daitekeen arren), baizik eta hitz, esamolde eta hizkuntza-ezaugarri jakin batzuen hautaketan eta erabileran.

Hala, orrialdeotan ezaugarriok biltzen dituzten zerrendatxoak, taulak eta adibide ugariak ditu eskura liburuari berehalako probetxua atera nahi dion erabiltzaileak, patxada handiagoz irakurri beharreko azalpenekin batera.

Bestalde, nahiz eta batzuetan lanaren iturburua agerian geratzen den (esaterako, telebista-saioei edo gidoigintzari egindako erreferentziak) eta edozein ikasleri ez zaizkion soluziobide guztiak egokiak gertatuko, liburuak helduleku oparoa eskaintzen dio are hizkuntza-irakasleari, berariaz lagunarteko hizkera lantzeko ez ezik (ikasleei material natural eta errealista helaraziz), baita ahozko hizkeraren ezaugarriez eta hiztun arrunten jokabideez jabetzeko ere.

HABE liburutegian

Aurkibidea

Erreferentzia bibliografikoak

Larrinaga, A. (2020). Euskara kolokialaren eskuliburua. UEU.

Show comments

Beste eduki interesgarriak

HEOCaren eta Euskara kolokialaren eskuliburuaren azalak

HEOCa eta lagunarteko euskara: "Euskara kolokialaren eskuliburua"-ren harira

Duela gutxi eman genuen hemen "Euskara kolokialaren eskuliburua"-ren berri; baina, zer dago HEOCean erregistro horri buruz? Sarrera honetan curriculumean zehar agertzen diren zenbait alderdi zehaztuko ditugu, lagungarri gertatuko zaizuelakoan.