Kantuak hizkuntzen ikas-irakaskuntzan

Argitaratua: asteazkena, 24 ekaina 2020, 11:12
Nota musikalak

Joan den astean irakurritako txio baten bidez jakin dugu laster beteko direla 12 urte Gabi de la Mazak, @Txatxangorri-k, You Tubera lehenengo bideo-karaokea igo zuenetik eta dagoeneko 3000 igotzera iritsi dela.

Eskolan zein eskolatik kanpo erabili ohi dira abestiak hizkuntzak ikasteko. Esate baterako, Ikasbil webgunearen Dokuteka esparruan, Kantu-kantari atala dugu, hainbat baliabiderekin eta bilaketak iragazteko aukerarekin. Kantu batzuetan, adibidez, Gabik egindako bideoa ere ageri da.

Halaber, badago kantuen erabilerari buruzko artikulu eta proposamenik. Geure argitalpenetan, esate baterako, aspaldiko testu batzuk:

Beste iturri batera jotzen badugu, eta Centro Virtual Cervantes-en bilatzaile orokorrean "canciones" idatzi, lau mila emaitza baina gehiago lortuko ditugu. Atalka joatekotan, gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakasteko didaktikari buruzko artikuluen katalogoan "canciones" deskriptorea hautatzen badugu, adibidez, 19 artikulu agertuko zaizkigu (hauen artean berrienak 2001ekoak, dena den). Didactiteca deritzon esparruan bilatzen badugu, aldiz, 49 emaitza lortuko ditugu "canción" bilatuz gero. "Aprende español con la música" ekimena ere izan dute abian Cervantes Institutuan; xedeen artean, ikasleek hautatzea gaztelania ikasten edota hobetzen lagundu dieten abestiak. Pentsa noraino luza daitekeen proposamenen kopurua bestelako bilaketa zabalagoak egiten baditugu, Dialnet edo Google Scholar baliatuta esaterako. 

Geure eremura itzulita, zer esan dezakegu gaur egun kantuen erabileraz euskaltegietan? Izan ere, HEOCen zein Europako Erreferentzia Marko Bateratuan kantuak edota abestiak aipatzen dira.