Euskara Batuaren Eskuliburua

Argitaratua: Thursday, 19 December 2019, 8:48 AM
Andres Alberdi

Andres Alberdi Getarian (Gipuzkoa) jaio zen 1950ean. Filosofian lizentziaduna da. Elgoibarko Ikastolako irakasle eta zuzendari izana, eta, 1980tik, Elgoibarko Institutuko Euskara eta Literaturako katedraduna, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.

Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2018an, eta Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta burua da egun Andres Alberdi. Euskaltzaindiak propio sorturiko batzorde suntsikorraren egitekoa Euskara Batuaren eskuliburua prestatzea izan da, Andres Alberdi jauna batzordearen buru izan delarik.

Eskuliburu honen helburua Euskaltzaindiaren araugintza ezagutaraztea da. Izaera eredu-emailea du eskuliburuak. Euskararen barne-funtzionamenduan hausnartu nahi duen euskal hiztun jantziaren jarraibidezko liburu praktikoa da. Eguneroko premien asegarri jokatu nahi du, egunerokoan nabaritu ohi diren hizkuntza-akats, hiztegi-gorabehera eta zalantza pragmatiko ohikoenak begi-bistan izateko helburuarekin. Horregatik, Andresek HABErentzat eman duen ikastaroan, argibide-jarraibideak ahalik eta erarik ulergarrienean eman ditu.

*EUSKALTZAINDIAk prestaturiko ikastaro praktikoa

Show comments
  • AÑARA BAT HEGOALDERA IPARRAREN BILAainara maya urroz - Wed, 25 Nov 2020, 10:06 AM
    Berriki, berriro ere Andres Alberdi euskaltzainak beste ikastaro bat eman zuen iragan azaroaren 18an arratsaldeko 17:00etan Euskaltzaindiaren Donostiako egoitza ederrean, idazleen elkartearen eskutik.
    Bertan Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) ongi erabiltzeko eta bilaketak ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gako batzuk eskaini zituen. Liburuaren paperezko bertsioak jada hirugarren edizioa du, eta horrek frogatzen du 2009an SIADECO-k egindako inkesta batean jendearen nahia eta beharra zela benetan horrelako liburu baten ukaitea.
    EBE ez da estilo-liburu bat, baizik eta liburu pragmatiko bat: ESKUARRA.
    Baliagarritasunari begirako eskuliburuan 192 arau ageri dira urdinez, Osokoan erabakitakoak, baita irizpenak edo hainbat Batzorderen jarraibideak.
    Euskaltzaindiaren eskuarra edo arauen eta jarraibideen bilduma honen helburuak honako hauek dira:
    - Euskaldun alfabetatua
    - Pedagogia

    Lehen esan dudan bezala, eskuliburuaren barnean 192 arau daude, eta horiekin batera, hiztegiko oharrak eta JAGONETeko 686 galde-erantzunak.

    Eskuliburu hau paperean dago, baina sarean ere bai, eta esan beharrik ez dago sarekoa osoagoa dela. Paperekoan oinarrizko bibliografia dago bukaeran, baina Sarekoan “Gehiago jakiteko” atala. Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta egiteko hirugarren modua dago, bilaketa orokor bat egiteko, bai EBEn eta bai bestelako ataletan, hala nola Orotariko Euskal Hiztegian.

    Eskuliburu honetan gorriz agertzen direnak dira baztertzekoak diren formak, eta gorriz eta izartxoarekin agertzen direnak sistemaren aurkakoak. Horrela, pedagogia egin nahi da eskuliburu honekin, eta ongi azaldu zergatik erabaki diren arau batzuk eta besteak baztertu, eta arrazoiak anitzak izan daitezke, linguistikoak gehienak.

    Zenbait adibide eman zituen ikastaroaren irakasle eta liburuko batzorde buru Andres Alberdi euskaltzainak. Adibidez, baztertzekoak eta euskara estandarraren sistemaren kontrakoak honako hauek aipatu zituen:

    *kriston ondo > kristo(re)n ondoren izena eskatzen duelako euskarak. Kriston burukomina!
    *Xixili eguna, Ainara izeneko eguna ez dagoen bezala, Xixili izeneko egunik ez dago eta beraz, Xixiliren eguna bai.

    Eta horrela berdin honako hitz elkarketak:

    *sagardo eguna > sagardoaren eguna
    *bertso-eguna > bertsoaren eguna
    *gorri kolorea ere sistemaren kontrakoa da, eta beraz, kolore gorria, kolore urdina…

    Badago, hala ere, sistemaren aurkakoak baztertzearen irizpide horren salbuespen bat, eta auskalo zergatik erabaki zen *diru-laguntza kolore gorriz eta izartxoarekin, dirulaguntza hobetsiz eta arautuz. Izan ere, euskaraz gramatikala eta zuzena den forma marratxoz da, eta tradiziorik ez duen marratxorik gabekoa hartu da. Salbuespenak hizkuntza guztietan daude!

Beste eduki interesgarriak

Euskara Batuaren Eskuliburua

Euskara Batuaren Eskuliburua egoki erabiltzeko saioak

Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskaltzaindiak aurrez aurreko ikastaro bi antolatu dituzte azarorako. Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) egoki erabiltzeko eta bilaketak ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gako batzuk eskainiko dira saio hauetan, Andres Alberdi EBEren batzordeko buruaren eskutik. Dohainik izango dira, baina izena eman behar da azaroaren 12ra bitartean (EIEko bazkideek izango dute lehentasuna)