Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbidea

Argitaratua: osteguna, 13 maiatza 2004, 9:00
hizpide 57

Eskuetan duzu, irakurle, Hizpide aldizkariaren 57. alea. Lan monografiko bati eskaini diogu, “Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat” izenburukoari.

Oinarrizko galdera du monografiak abiapuntu: behin EKP (Euskaltegi Kurrikuluaren Proiektua) eginda, orain zer? Hau da, nola egin euskaltegi- kurrikulua bera?

Irakasle kezkatuaren galdera da. Atzeman du kurrikuluan duela euskalduntzearen indarberritzearen giltzarria, eta sakontzen jarraitu nahi du. Nola gauzatu proiektua eta euskalduntzearen berrikuntza? Zein da hurrengo urratsa? Nola uztartu planteamendu berria eta eguneroko jarduna? Eta, bide batez, nola egin xede berezietako kurrikuluak ere? Kontua ez da espedientea betetzea, baizik serio hartzea HEOK (Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua) eta bihotzean duen egitasmo ausarta.

Kezka horiei erantzun nahi die lan monografiko honek, euskaltegi-kurrikulua( k) egiteko jardunbide bat eskainiz. Elkarrekin landu eta ondu dute jardunbidea Lourdes Elosegi eta Pello Esnal lankideek, eta hainbat euskaltegitako irakasleekin EKPak bideratuz probatu eta frogatu.

Aldi berean, lan sakona eta praktikoa da, HEOKaren erraietatik sortua eta euskaltegietako beharren arabera egina.

Zortzi artikulu / kapitulu izanik, lehenengoak laburbiltzen du monografiaren mamia. Izenburua ere monografiarena du: “Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbidea”. Baina ez da jardunbide hutsa. Sustraietatik hartzen du kurrikuluaren gaia, eta oinarri sendoak ipiniz garatzen ditu jardunbidearen lau urratsak. Ekintza komunikatiboa kontzeptua du jardunbideak oinarri nagusia, horren ondorio den testuaren ikuspegiaz indartua.

Hain zuzen, “Ekintza komunikatiboa” du izenburu bigarren kapituluak, eta kontzeptu hori azaltzea xede, hizkuntzaren ikuspegi berria ezin egokiago biltzen eta adierazten duelakoan.

Hirugarren kapitulua, “Testuaren barne-arkitektura”, testuaren egitura aurkeztera emana dago, Bronckartek luze eta egoki landutako ereduari jarraiki. Autore ezagun honek hiru maila (edo geruza) bereizten ditu testuaren barne-eraketan, eta guztira zortzi osagai-edo atzematen: 1) plan orokorra, 2) diskurtso-tipoak, 3) sekuentziak (testu-motak), 4) konexioa (testu-antolatzaileak), 5) izen-kohesioa, 6) aditz-kohesioa, 7) ahots enuntziatzaileak eta 8) modalizazioa.

Osagai horietako batzuk ezagun samarrak ditugu. Beste batzuk, aldiz, (ia) berriak. Bada, horietako bost dituzte langai monografiaren ondorengo kapituluek.

Azpimarratzekoak dira “Diskurtso-tipoak” –laugarren kapitulua– eta “Aditz-kohesioa” –zazpigarrena–. Izan ere, horietan atzeman daiteke, inon atzematekotan, noraino garamatzan hizkuntzaren ikuspegi –paradigma– berriak.

Azken kapitulua ere, “Modalizazioa”, arretaz irakurtzea merezi du. Hemen eta zazpigarren kapituluan ikusiko dugu nolako dimentsio berria hartzen duten aditzaren ohiko hiru funtzioek; hau da, denbora markatzeak, aspektua markatzeak eta modalizazioa gauzatzeak.

Gainerako bi kapituluak, “Testu-motak” eta “Konexioa: testu-antolatzaileak”, ezagunagoak ditugu edukiaz, baina jakingarriak gertatuko zaizkigu ostera ere. Hain da agortezina hizkuntzaren paradigma diskurtsibo- pragmatikoa.

Kapitulu guztiek didaktika dute abiapuntu eta helmuga euskararen i(ra)kaskuntzaren zerbitzuan. Eta euskal testuak dituzte behin eta berriro langai.

Azkenik, bi eranskinek osatzen dute lana. Lehenengoak, “Ekintza komunikatiboa helburu” izenekoak, euskalduntzearen hiru lehen mailetako hainbat ikas-helburu eskaintzen ditu. Bigarrenaren edukia, izenburuak berak adierazten du: “Testu baten azterketa”. Eta bibliografiari dagokion atalak burutzen du lana.

Lagunduko ahal digu helduen euskalduntzea indarberritzen!