Etenpuntuak... beste puntuazio-markekin konbinatuz

Argitaratua: asteartea, 14 apirila 2020, 12:29
Iñaki Villoslada

Gaurkoan, etenpuntuen erabilerari buruzko zenbait aholku emango ditugu.

Etenpuntuek (hiru puntu) esaldi bat eten dela edo zerbait esan gabe utzi dela adierazten dute.

1. Esaldia bukatzen badute, ez da esaldi bukaerako puntua jartzen, laburdura batek ixten duenean izan ezik:

Honako laburdura hauek erabiltzen dira Hizkuntzalaritzan: izlag., izord, jas., junt…. (lau puntu).

2. Esaldia bukatzen badute, ondoren letra larria erabiltzen da.

 Oso alderdi garrantzitsua da mezuen itxura: paragrafoak behar bezala bereiztea, letra-mota, letra lodiak nahiz etzanak, kanpoko guneetarako estekak... Tipografia mezuetan informazioa azpimarratzeko erabili behar da.

3. Esaldia bukatzen ez badute, ondoren letra xehea erabiltzen da:

 Sokak, iltzeak, oholak… denetarik behar dugu.

 Gairen batekin zerikusia duten lexikoa, gramatika, adierazpenak... landu ditzakegu.

 Hiztegiaren laguntzaz, idatz ezazu lanegunetan, asteburuetan, jaiegunetan... egiten duzun ekintzaren bat.

4. Puntuazio-markak jarri daitezke etenpuntuen ondoren; hala nola koma, puntua eta koma eta bi puntuak…

Baina ez dira ahaztu behar inolaz ere ikastetxeetan, berritzeguneetan, unibertsitateetan..., zuzen ala zeharka, euskararen irakaskuntzan dabiltzan profesional-andana.

 Betiko argumentua… erdaldunak hobeak…, kar,kar,kar.

  Oso interesgarria da zure proposamena, baina..., zuk, bistan da, ez diozu arazorik ikusten horri; nik, ordea...

5. Galdera-markarekin zein harridura-markarekin ere erabil daitezke etenpuntuak. Haien barruan azalduko dira, esaldia osorik ez badago, eta kanpoan osorik badago:

Ba al zenekien…?

Zein da amaiera zuzena?...

7. Oso ohikoa den arren, etenpuntuen aurretik ez da komarik jartzen, eta eta abar ondoren ez dira etenpuntuak erabiltzen:

X Ikasleek aurkitu beharko duten informazioa «ezkuta» dezakegu: jarduera bat osatzeko, ariketa baten emaitzak egiaztatzeko, eginkizun bat osatzeko, ...

X Ahal duzunean aztertu: forma, edukia, errekuntzak, etab….


Informazio osagarria

Euskaltzaindia. Puntuazio-markak.